Herri mailan parte hartze gehien sustatzen duen ekimenetakoa izango dugu Usurbil Cup. LH eta DBH arteko 300-400 haur eta gaztetxo aritu ohi dira urtero gogotsu lagun artean futbolean, Usurbil Cup txapelketan. Badator Usurbil F.T.-k antolaturiko kirol ekimen honen edizio berria. Ostiral honetan bertan, irailaren lehenean hasiko dira jokatzen lehen neurketak. Aldaketarik ez bada, iraila osoan izango ditugu Usurbil Cup-eko partidak, eta jendetsua izan ohi den sari banaketarekin amaituko da hilabete amaieran.
Jarreran eragin nahian
Urteroko erronka nagusia izan ohi dute antolatzaileek, bereziki finkatua duten araudian eta jarreran eragitea. Urtero gogorarazi ohi dute Usurbil F.T.-tik, txapelketa honetako xede nagusia haur eta gaztetxoen parte hartzea sustatzea eta ondo pasatzeko kirol ekimena izatea dela. Lehia lehenestea alboratzen dutela.