Oporretako azken egunak honako hauek, besteak beste, ikasleentzat. Iraila heltzearekin batera abiatuko dute 2017-18 ikasturte berria. Oraingoan, irailaren 7an ostegunez inguruotako ikastetxeetan: Udarregi Ikastolan, Aginaga eta Zubietako Eskoletan, baita Lanbide Eskolan ere. Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleak halere egunbete aurreratuko zaizkie gainerakoei. Irailaren 6an izango dute lehen klase edo aurkezpen eguna. Informazio gehiago: udarregi.eus
Zumarte, behin behineko egoitzetan
Ikastetxeek ikasturte berria abiatuko duten egun berean hasiko dituzte klaseak ere, Zumarte Musika Eskolan. Ez ordea, 32 bat urtez egoitza nagusia izan duten Kale Nagusiko Villa Pilarren, gogoan izan, berritu eta handitzera baitoaz hurrengo bi urteotan. Honenbestez, datozen 2017-18 eta 2018-19 ikasturteotan Zumartekoak behin behineko beste hiru egoitza hauetan kokatuko dira: Udarregi Ikastolan, Santueneko frontoi ondoko lokalean eta Puntapax kaleko Atez Ateko Informazio Bulego ohian.
Egokitzapena
Zumarteren handitze eta berritze lanei lotutako erabakia hartu zuen Usurbilgo Udaleko udalbatzak uztailaren 26an eginiko osoko bilkuran. Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGERC-2 (Rezustaenea) Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa hasieraz onartu zuten gehiengo osoz EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ-PNV aurka agertu zen eta PSE absenitu zen. Rezustaenea eremu horretan kokatzen da Zumartekoen eraikina, Villa Pilar. Aipatu eremua, “egunero erabilera etorkizuneko beharretara egokitzeko ezinbestekoak dituen handitze eta birgaitze baldintzetara egokitzea da helburua”.
Zumartekoen behin behineko gune berriak
Udarregi Ikastola
Atez ateko informazio bulego ohia
Santueneko frontoi atzeko lokala