Min(a)bizi bira luzatuko du Odolaren Mintzoak

Noaua Aldizkaria 2017ko abu. 30a, 11:25

"Bikaina izan zen Min(a)bizi bira amaiera San Estebanen! Hain ederra izan zen, luzatzea erabaki dugula", iragarri du Odolaren Mintzoa herriko musika taldeak sare sozialen bidez. Hala da. Besteak beste, Zubietako eta Urdaiagako jaietan emanaldi bana eskaini zuten bira honen baitan, eta hain balantze ona eginda, kontzertu gehiago eskaintzekotan dira irailean; momentuz bai behintzat, Urruñan eta Donostiako Egia auzoan.

Birarako Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka laukoteak hautatutako izen bera darama, erraustegiaren aurka sortu duen abesti eta bideoklipak; "Min(a)bizi". Ekainean grabatu zuten abestirako bideoklipa Peru Galbete usurbildarraren laguntzaz. Ondoko bideoan duzue ikusgai eta entzungai. Hainbat herritar ageri dira, erraustegiaren aurkako mezu ozen eta argi bat aldarrikatzen; "Ez hemen, ez inon!". 

"Min(a)bizi", Odolaren Mintzoa laster plazaratzekoa den lan berriko abestien zerrendan aurkituko dugu. Lan berria badatorrela eta informazio gehiago laster eskainiko dutela iragarri dute taldetik. Bitartean honako bi kontzertuok eskaintzekoa da Odolaren Mintzoa irailean:

Irailak 2, larunbata

23:00 Urruñako herri bestetan.

Irailak 16, larunbata

Donostiako Egia auzoko Porrontxo jaietan.