Urte asko daramatzate Donostiako estropaden bigarren jardunaldi egunean, Kontxako hondartzan osatu ohi duten giza-kate luze baten bidez erraustegiaren aurka mobilizatzen. Urte asko aipatu moduan, baina aurtengoa ezberdina izango dela iragarri dute ekimen honen deitzaileek, ostegun goiz honetan egin duten agerraldian. "Aurten egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Zubietako erraustegiaren obrak hasiak dira. Hala ere gure borrokak darrai, ez dugu etsitzeko asmorik eta gertatzen dena gertatzen dela ere, hiri hondakinen errausketaren aurka jarraituko dugu. Klase politiko errausketazalearen eta modu batera edo bestera inplikatuta dauden enpresen interesak salatzen jarraituko dugu eta modu guztietako oztopoak jartzen saiatuko gara", iragarri dute.
Herritarrak, irailaren 10ean, Donostiako estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunean, Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko dagoen aldapa horretara gerturatzera deitzen dituzte goizeko 11:30etan. Hortik abiatuko da gero hondartzan zehar, "Alternatiba dagoelako, errausketarik ez! Guretzat eta ondorengoentzat osasuna nahi dugu!" aldarrikatuko duen giza-katea. Gune horretan bertan egin dute ostegun goiz honetan, mobilizazioaren aurkezpen prentsaurrekoa deitzaileek; Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak eta Donostia Bizirik herri plataformak.
Eragile politiko, sindikal eta gizarte eragileen babes zabala jaso du giza-kateak. EHBildu, Alternatiba, Equo, Irabazi, Ezker Anitza, Podemos, CCOO, ESK, Duintasuna, LAB, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, eragile guztiok bat egin dute jada, hilaren 10eko mobilizazioarekin.
Gezur handietan oinarrituriko proiektua
Giza-kateko deitzaileek azpimarratu dutenez, "ezin dugu ahaztu Zubietako erraustegia hainbat gezur handietan oinarrituta dagoela". Beste behin, gezurtatu dute erraustegiaren beharra dagoenik, zabortegiak beharko ez direnik, erraustegiak kutsadurarik sortuko ez duenik... Erraustegiaren 1.000 milioi euro baino gehiagoko kostua salatu dute eta oso lanpostu gutxi sortuko dituela iragarri. "Ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu batek, merkeago izateaz gain, hamar aldiz lanpostu gehiago sortuko du eta dirua Gipuzkoan bertan geratuko da", nabarmendu dute. Segidan duzue, giza-katea aurkezteko antolatzaileek plazaratu duten adierazpena: