Urriaren 1ean Katalunian deitua dagoen erreferenduma babesteko manifestazioa deitu du Gure Esku Dago mugimenduak, irailaren 16an Bilbon. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da mobilizazioa "Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko" aldarripean, Kasillatik.
Herritarra, jendetsua, anitza eta bateratzailea izan nahi duen hitzordu honetara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Irailaren 14ra arte eman daiteke izena guneotan; Artzabalen, Aitzagan, Patrin, Santuenea eta Aginagako Zahar egoitzetan eta Zubietako Alamandegin.
Autobusa manifestazioa hasi baino bi ordu lehenago abiatuko da Usurbildik; irailaren 16an, arratsaldeko 15:30etan Oiardo Kiroldegi paretik.
Manifestazioko antolatzaileek iragarri dutenez, "irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. Gaur ere gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Kataluniako herritarrei. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres".
Informazio gehiago: gureeskudago.eus