GHK, erraustegiko lanen bigarren faseko tramitazio betean

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 5a, 14:48

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK) erraustegia eraiki nahi duten eremuko lanen bigarren fasea garatzeko tramitazio prozesuan da. Urrats berri bat eman du astearte honetan, GHK-k egin duen asanbladak. Administrazio-kontseiluak uztaila amaieran onarturiko azpiegituraren aurreproiektua eta bideragarritasun-plana berretsi ditu. 

Lanen bigarren fase honen baitan, urtero gaika bildutako 40.000 tona organiko tratatzeko gaitasuna izango duen biometanizazio planta bat eta zepak obra publikoetarako arido birziklatuetan bihurtzeko urteko 52.000 tona tratatzeko gaitasuna izango duen planta eraiki asmo dituzte, Zubietako Eskuzaitzetan, 31.988 metro karratuko partzela batean.

37 milioi euro bideratu asmo dituzte azpiegiturotara. Lanen bigarren fase hau, 2018ko maiatzean abiatu eta 2019. urteko erdialderako martxan egotea aurreikusten dute. Lehen faseko lanekin, erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantarekin batera, eraiki nahi dituzte bigarren faseko planta hauek ere. Legealdia amaitzerako, 2019ko udaberrirako planta guztiok martxan izatea nahi ditu Foru Aldundiak.