Orbeldi Dantza Taldeak, ikasturte berrirako matrikulazioa zabalik

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 5a, 10:40

Urriaren 2ko astean abiatuko du ikasturte berria Orbeldi Dantza Taldeak. Aldiz aurrez eman beharko da ikasturte berrirako izena, aipatu bilgunetik jakitera eman dutenez. Emailez eman dezakezue izena, baita jendaurrerako finkatuak dituzten hitzorduetan. Haur nahiz helduen taldeentzako ikastaroak antolatu dituzte oraingoan ere:

Izen ematea:

-Emailez: orbeldi.udt@gmail.com

-Izen emateko jendaurreko hitzorduak: irailak 14 edo 15, 17:00-20:00 Orbeldik Oiardo Kiroldegi sarreran duen dantza gelan.

Prezioa: haurrek 65 euro, helduek 75 euro (ordainketak azaroan egin beharko dira).

Klaseen ordutegiak:

Helduen taldeak:

-Erromeria taldea, asteazkenetan 19:30-21:00 artean.

-Garaikide taldea, astelehenetan 19:30-21:00 artean.

-Tradizionala, izena ematen dutenen artean finkatuko da ordutegia.

Haurren taldeak: ordutegia finkatzeko bilera irailaren 22an, 18:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.

"Dantza", Donostiako Zinemaldian

Irailaren 22tik 30era ospatuko den Donostiako 65. Zinemaldiak dakartzan berrikuntzen artean, oraingoan "Glocal in Progress" izeneko ekimen berri bat antolatu dute estreinakoaz, irailaren 25etik 27ra. Tarte honetan, oraindik amaitzeke, postprodukzio-fasean dauden hiru film erakutsiko zaizkie, zinema industria munduan murgilduak dauden, besteak beste, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente, programatzaile eta abarri, proiektuok amaitu eta nazioartean banatzen lagundu dezaten. "Industriaren jarduera honen helburua da hizkuntza ez-hegemonikoetan dauden Europako produkzioei ikusgaitasun handiagoa ematea (hau da, alemanez, espainieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz edo errusieraz filmatu ez diren filmei)", antolatzaileen esanetan.

Hala, eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz ekoizten ari diren film bana dira, estreinakoz ekimen berri honetan proiektatzeko hautatu dituztenak. Euskarakoa, Telmo Esnalek zuzenduriko "Dantza" dugu. 

Orbeldikoak, "Dantza" filmaren grabazioetan

Euskal dantza tradizionalak ikuspuntu berritzailetik, doinu, estetetika eta koreografia berriekin islatuko ditu, "Dantza", Telmo Esnal zarauztarra, Koldobika Jauregi artistarekin eta gai honi buruzko ikertzaile Juan Antonio Urbeltzekin batera, azken lau urteotan lantzen ari diren proiektuak. Esnalek aspalditik nahi zuen grabatu, dantza erdigunean jarriko zuen ikus-entzunezko lan bat. Zinegileaz gain, dantzaria ere bai baita zarauztarra.

Hemen dugu albiste honek Usurbilekin duen lotura. 2017an zehar film honen hainbat eszena grabatzen aritu dira Euskal Herriko hainbat txokoetan, dantza talde ezberdinekin. Maiatzean, Leitzan (Nafarroa) izandako grabazioetan parte hartu zuten Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldeko kideek Añorgako Arkaitz dantza taldekoekin, beste hainbat talderekin batera. Proiektu honetan guztira, 8-82 urte arteko 250 agertuko dira. Besteak beste, Donostia, Iruñea, Eibar, Elgoibar, Deba, Añorga, Beasain, Zarautz, Portugalete, Gasteiz, Andoain, Baigorri, Astigarraga, Mallabia... udalerri guztiotako eta gehiagotako dantzariak.

Leitzako grabazioan bertan atera zuten Orbeldikoek ateratako talde argazkia duzue ondokoa. "Dantza" filma, 2018an estreinatzea aurreikusten dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, urtebete barru ikusi ahalko dugun ikus-entzunezkoaren aurrerapentxo bat.

Irudia: Orbeldi D.T.