Lau hamarkadako historia ba omen du jada eta erritua hutsik egin gabe ospatzen jarraitzen dute. Abuztuko azken ostegun batean hasi ziren biltzen, eta tradizioa bizi asko mantentzen dute momentuz. Aurtengoa behintzat egin dute. Berezia zuten 2017ko hitzordua, ekimenari nortasun propioa ematen dioten kapa beltzak janzten hasi zirenetik 20 urte bete baitituzte.
Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion herritar taldeaz ari gara. Joan den abuztuaren 31n bildu zen Saizar Sagardotegian. Koadrila jendetsua aurkitu genuen Saizar Sagardotegian baba txikiari gorazarre egiteko ospatu berri duten azken edizioan. Baina nabarmendu zigutenez, bilkura jendetsuagoak izan dituzte iraganean.
Laiak lagundutako erritua
Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera.
Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, bataio moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz. Aurten hogeigarrenez bete dute erritua. Kofradiak duen ereserkia abestuz, kide berriari ongi etorria eman zioten lehendik kofradekide izendaturikoek. Guztiak abuztuaren 31n Saizar Sagardotegi atarian ateratako ondoko talde argazkian dituzue.