946 ikasle aritu ziren iaz euskara ikasten, Buruntzaldeko euskaltegietan. Zenbaki borobilera heldu nahi dute abiatzear den 2017-18 ikasturtean. "Baietz 1.000 aurten!", hortxe Buruntzaldeko udal eta euskaltegiek hilabeteotarako duten erronka. Erronka hau gauzatzeko ilusioa plazaratu dute asteazken eguerdi honetan, Urnietako Lekaio kultur etxean egin duten agerraldian.
Eskualde mailako euskaltegietako matrikulazio kanpaina eta euskaltegietako eskaintza aurkeztu dute. Buruntzaldeak bi udal euskaltegi ditu; bat Lasarte-Orian, bestea Hernanin. AEK-k berriz bost euskaltegi zituen orain arte, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilen. Urnieta zen orain arte euskaltegirik ez zuen eskualdeko udalerri bakarra. Eta hortxe dago aurtengo berrikuntzetako bat; AEK-k Urnietako Errekalde 1 helbidean ireki duen egoitza. Andoainen berriz, lekuz aldatu dute euskaltegia. Andoaingo Udalak 15 urtez eginiko lagapenari esker, lokal berria du AEK-k, orain Plazaola kaleko 2 zenbakian.
Euskara ikastera animatu dituzte udal eta euskaltegietako ordezkariek. Urritik ekainera luzatuko den ikasturteko eskaintza aurkeztearekin batera, matrikulazio kanpaina ahotan hartuz nabarmendu dute, "Euskara ikasiz, dena irabazteko eta ezer ez galtzeko" dugula. Euskara ikasteak merezi duela, apustu segurua dela nabarmendu dute. Eta merkea, ia doakoa, HABE-k bere aldetik, eta eskualdeko udalek eskaintzen dituzten %75-100 arteko diru-laguntzei esker. Agerraldian parte hartu duen AEK-ko ordezkarietako batek euskara ikasteko doakotasunean sakontzeko deia egin die erakundeei. Aipatu, Usurbilen kasuan, egun doan ikasi daitekeela euskaraz, Udalak %100 arteko diru-laguntzak eskaintzen baititu.
Matrikulazio epea zabalik
2017-18 ikasturterako matrikulazio epea zabalik dute Etumeta AEK euskaltegian irailaren 29ra arte. Euskara ikasteko maila guztiak (A1-A2-B1-B2-C1-C2), azterketa ofizialak prestatzeko ikastaroak, Mintzalaguna, autoikaskuntza, online ikastaroak… Aukera zabala beraz. Izen ematera animatzen dute AEK-tik. "Egizu bat. Gozatu zure hizkuntza aberastasunaz! AEK, euskara irakasteko modu %100 afektiboa", dio AEK-k argitara eman duen bideoan. Izen emateko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 11:00-13:00 artean eta 18:00-20:00 artean. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
Informazio gehiago: buruntzaldea.eus
https://youtu.be/FaCdvm0sWJE
https://youtu.be/wWW2OYSZXnQ