Askorentzat opor garaia izan den urte garaia, hainbat lan bideratzeko baliatu du Usurbilgo Udalak. Batetik, hainbat udal eraikinen barrualdea margotu dute, tartean, AEK, Aginagako Eskola Txikia, ludoteka eta Haur Eskolakoa. “Gainera, Sutegi udal-liburutegiko kanpoko fatxada pintatu eta yoga egiten den lokalaren zorua berritu da”, ohartarazi dute Udaletik. Entzarrain bidean, Kale Nagusian edo Osinalde industriagunean hainbat asfaltatze lan egin eta Artzabal parean eta Ostape inguruan bi zebrabide altxatu dituzte. Ikastetxeetan ere hainbat berrikuntza lan bideratu dituzte.
“Gainera, eskoletan zenbait hobekuntza egin dituzte. Esaterako, Udarregi ikastolako fatxadetan inpermeabilizazio lanak egin dira. Agerialden, berriz, lehen solairuko komunak berritu eta zaintza-gelako zorua berritu da. Horrez gain, Zumarte Musika eskolako material guztia lekualdatu da, eta datozen egunetan Aginagako Eskola Txikiko eszenatokia babestuko da”.Parke eta jolasguneak ere berritu ditu Udalak. “Askatasuna plazako aterpean haurrentzako joko berriak margotu eta San Estebango parkeko lorategiak berritu dira”. Eta lan gehiago ere bideratu dituzte. “Aurrez aipatutako lanez gain, Santueneko udal etxebizitzan egokitze lanak burutu, San Estebango ur depositotik Berritzabarrenaraino ur hodia berritu, Alperroburu 8ko urbanizazioa bukatu eta hilerri berriko handitze lanekin hasi dira. Gainera, hurrengo asteetan Erroizpeko urtegia hesiz inguratzeko lanak gauzatuko dira. Bukatzeko, Oiardo kiroldegiko spinning eta yoga-zumba geletan aire girotua izango dute erabiltzaileek aurrerantzean, beste hainbat mantenu-lanen artean”.