Ondokoa ez da artxiboko irudia, ostegun goiz honetan bertan ateratakoa duzue. Argazkian, 32 urtez Zumarte Musika Eskolaren egoitza izan den Villa Pilar eraikina duzue. Etxearen izena zeraman plaka jada kendu dute, arrastoa begi bistakoa da, hortxe "Zumarte, Usurbilgo Musika Eskola" dioen kartelaren azpialdean. Pertsianak jaitsita ditu, ateak itxita daude, nahiz Zumartekoek gaur bertan hastekoa duten 2017-18 ikasturte berria. Eraikina barrutik hutsik dago, uztailean egin zuten musika eskolakoek materialaren garraio aldaketa. Itxita dago Villa Pilar eta hala jarraituko du datozen bi ikasturteotan, berritu eta handitzera baitoaz.
Lanak bi urtez luzatuko dira eta tarte horretan, hau da, datozen 2017-18 eta 2018-19 ikasturteetan herriko beste hainbat guneetan bilduko dira musikariak. Aldi baterako egoitza hauek prest ditu jada Zumartek, gaurtik aurrera ikaslez beteko dira. Ikastetxeek finkatua duten lehen klase eguna amaitu ostean, ostegun honetan bertan, irailaren 7an abiatuko du 2017-18 ikasturte berria Zumarte Musika Eskolak.
Zumarteren behin behineko egoitza berriak
-Udarregi Ikastola (eraikin gorria): Musika Txokoa, Musika Mintzaira, abesbatza, klarinetea, eskusoinua, saxofoia, talde instrumentala, txaranga.
-Agerialde: pianoa, trikitixa, panderoa, biolina, tronpeta, tronboia.
-Santueneko frontoiko lokala: perkusioa, kitarra, rock-pop taldeak.
-Puntapax kaleko lokala (garai bateko Atez Ateko Informazio Bulegoa): bulegoa, irakasle gela, flautako klaseak.
-Elizan: organoko klaseak.
Bulegoko ordutegia:
-Asteartea: 10:00-11:30/18:00-19:30.
-Osteguna: 10:00-11:30/18:00-19:30.
-Ostirala: 16:30-19:30.
Oharra:
Zumartetik aditzera eman dutenez, "ikasleak ikastolako atarian egon behar dute irakaslearen zain". Horretaz gain, "bilera berezien ondorioz, ordutegi honek aldaketak izan ditzake. Kasu horretan bidali zure kontsulta zumarte@telefonica.net helbidera edo utzi zure mezua erantzungailuan (tlf. zenbakia: 943 371 594). Eskerrik asko!".
Informazio gehiago:
zumarte@telefonica.net
943 371 594
Behin behineko gune berriak
Udarregi Ikastola
Atez ateko informazio bulego ohia
Santueneko frontoi atzeko lokala