65 urtetik gorako usurbildarren erradiografia

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 7a, 10:29

Gizartea zaharkitzen doakigula begi bistakoa da. 6.200 biztanle pasatxotik, 65 urte edo gehiagoko 1.141 bizilagun ditu Usurbilek. Etorkizunean kopuru hau are gehiago hazi daiteke, honenbestez baliabide gehiago bideratu beharko dira adin tarte honetako herritarrentzat.

Usurbilgo Udala, aurrera begira sor daitezkeen beharrei aurre hartzen hasia da. Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzaz, adin tarte horretan diren herritarrengana jo dute zuzenean. Haien errealitatea eta dituzten beharrak ikertu nahi izan dituzte. Egoera fisikoaz, aisialdiaz, etxekide eta inguru sozio-afektiboaz eta Udalak herritarroi eskaintzen dizkien zerbitzuez galdetu diete Aztikerreko inkestatzaileek.

Etxean bizi nahi

Maiatza-ekaina artean etxez etxe elkarrizketaturiko 211 herritarrek benetan baliotsua izan daitekeen informazioa helarazi diote Aztikerri eta soziologia ikerguneak Udalari. Txosten batean bildu dituzte emaitzak eta ondorio nagusiak.

Aurrera begira aintzakotzat hartu beharreko hainbat kontu aipatu dituzte adineko herritarrok. Esaterako, izan ditzaketen arazo edo mugen gainetik, gehienek orain arteko etxe berean segi nahi dutela bizitzen. Ikerketak nabarmentzen duenez, arreta jarri beharra dago esaterako, muga fisikoak izan baina inolako laguntzarik jasotzen ez duten herritarren kasuetan. Are gehiago, jakinik, gehienek nahiago dutela etxean bizitzen segi. “Beraz, pertsona horien autonomia maila ahalik eta gehien zaintzea garrantzitsua da”, dio Aztikerren ikerketak.

Udal zerbitzuak denei ahalbidetzea

Aipatzekoa da, herritarrok duten inguru sozio-afektiboak betetzen duen funtzio garrantzitsua. Ia denak bizi dira jende gehiagorekin etxean. Aztikerren ikerketak ohartarazten duenez ordea, bakardade egoerak saihesteko lan egin beharko da etorkizunean.

Ikerketako emaitzek diotenez, udal zerbitzuekiko balorazio oso ona egiten dute elkarrizketatuak izan diren herritarrok. Diotenez, ezagutu bezain beste ez dituzte erabiltzen. Badago gainera zerbitzuok erabiltzeko zailtasunak dituen sektore bat, mugikortasun arazoengatik gehienbat. “Garrantzitsua litzateke egoera berezi hauek aztertzea eta zerbitzuak Usurbilgo adineko herritar guztiengana berdin heltzeko bideak bilatzea. Alor honetan, Udalak zailtasun horien atzean dauden arrazoi posibleak aztertzea komenigarria da, nolabaiteko irtenbide bat emateko helburuarekin”, dio Aztikerrek eginiko ikerketak.

Zerbitzu berria

Ikerketa honen sustatzaileek eskerrak helarazi nahi dizkiete elkarrizketatuak izan diren herritar guztiei, bai parte hartu izanagatik, baita etxeko atea ireki izanagatik ere.

Udalak iragarri duenez, adin tarte honetako herritarrei zuzenduriko zerbitzu berri bat abiatzera doa udazkenean; Eguneko Arreta zerbitzua. Informazio gehiago asteotan eskainiko dute. Iraila amaierarako, gai honen berri zehatzago emateko bilera ireki bat ere deitzekoak dira.

AZTERKETAREN XEHETASUNAK

Azterketaren egilea: Aztiker Soziologia Ikergunea, Usurbilgo Udalaren enkarguz.

Noiz egina: 2017ko maiatzaren 29 eta ekainaren 15 artean.

Prozedura: 20-25 minutuko elkarrizketak aurrez aurre, 211 herritar elkarrizketaturen etxeetan. Elkarrizketen %60 euskaraz egin dira, %40 erdaraz gutxi gorabehera. Aurrez, Udalak eskutitz bidez jakinarazi zien 65 urte edo gehiago dituzten 1.141 usurbildarrei, ikerketa honetan parte hartzeko hautatuak izan zitezkeela. Kopuru honetatik, 211 hautatu ziren.

65 urte edo gehiagoko herritar kopurua: 1.141.

Elkarrizketak egiteko hautatuko lagina: 211 herritar.

EMAITZA NAGUSIAK

Egoera fisikoa

-%57,8k ez du muga fisikorik eguneroko zereginetan, %34,1ak bai aktibitate batzuetan.

-%8,1aren muga fisikoak (bereziki 75 urtetik gorako herritarrak) ekintza guztiak zailtzen dizkie.

-Muga fisikoak ahalegin fisikoarekin lotuak; %33,3ak mahai bat mugitzerakoan ditu muga fisikoak, %30,5ak eskilarak igotzerakoan, %27,5ek paseatzerakoan.

-Gehienek laguntzaren bat jasotzen dute ekintzotarako. Jasotzen duten laguntza: boluntarioa (familia-kide batena gehienetan), soldatapeko langilearena edo laguntza tekniko edo mekanikoa.

-Halere muga fisikoak dituzten herritar askok ez dute laguntzarik jasotzen: %46,2ak eskilarak igotzerakoan edo %62,1ak paseatzerakoan.

-Inkestatuak bere buruari emandako balorazioa: %64ak bere osasun egoera fisikoa ona edo oso ona dela dio, %22,7ak erdipurdikoa eta %13,3ak txarra edo oso txarra dela.

Etxekideak eta inguru sozio-afektiboa

-%85 jende gehiagorekin bizi da etxean eta ia denak gustura.

-Bakarrik bizi direnen perfila, emakume alargunarena da. Bakarrik bizi direnen %93,8a inguru sozialarekin harremantzen da egunero edo ia egunero.

-%90ak egunero edo ia egunero harremana du ingurukoekin; %68,2ak bizilagun edo auzokideekin eta gero familia edo lagunekin. %2,4k inguruarekin harreman oso gutxi du edo batere ez.

-%98,1ak etxean bizitzen segi nahi du.

-%25ak, tutoretzapeko etxebizitza batean bizi eta trukean bere etxebizitzari bestelako erabilera emateko aukerarekiko jarrera positiboa agertu du.

Aisia eta denbora librea

-Pertsona aktiboagoak dira, denbora librea antolatua duten moduarekin asebeteak daude. Erdigunean bizi direnek asebetetze maila handiagoa dute, erdigunetik kanpo bizi direnena baino. Geroz eta helduagoa izan, orduan eta asebetetze maila baxuagoa.

-%51,7ak erregularki aktibitate fisikoa egiten du.

-%33,6ak eguneroko aktibitateak.

-%13,7a guztiz edo ia guztiz inaktiboa da egunerokoan.

-Gustukoen dituzten ekintzak: %73,9ak kirola egin edo paseatzea, %43,6ak irakurri edo idaztea, %36,5ak lagunartean egotea.

-Aisialdirako mugak: ezintasun fisikoak, denbora falta edota aktibitate zehatzen bat egiteko aukerarik ez egotea.

Adineko herritarrei zuzenduriko udal zerbitzuak

-Zerbitzuen balorazio ona. Gabezia garrantzitsurik ez dute sumatzen.

-Zerbitzuen informazio falta sumatu dute herritar batzuk. %18ak zerbitzuak erabiltzeko zailtasunak ditu; mugikortasun arazoengatik gehienbat.

-Zerbitzuen ezagutza: %96,2ak jubilatu etxea ezagutzen du, %88,2ak bus-taxia, %81,5ak etxez-etxeko zerbitzua eta %79,6ak Goazen Kalera egitasmoa.

-Zerbitzuen erabilera: %67,3ak jubilatu etxea baliatzen du, %12,8ak bus-taxia eta %11,4ak oroimen tailerrak.

-Udal zerbitzuen balorazioa: 8,1 puntutik gorakoa.

-Egun ez dauden zerbitzuen eskaera: %20-25ek jangela soziala eskatu du, Eguneko Arreta zerbitzua erabiliko lukete. %16,6ak erresidentzia eskatu du.