Lan munduan murgiltzen laguntzeko deialdi interesgarriak

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 7a, 08:11

Kabienen urtebeteko egonaldirako beka deialdia, lokal komertzial hutsak biziberritzeko diru-laguntzak, langabetuei praktikak egitea ahalbidetzen dien Hazilan egitasmoa edota "Txertatu merkatuan" doako prestakuntza saio berriak. Lan munduratzen laguntzeko deialdi interesgarriak jaso ditugu Usurbilgo Udaletik, baita udal hau kide duen Beterri-Buruntza eskualdeko udalen bilgunetik ere. Honatx xehetasunak:

Beka deialdia, Kabienen urtebeteko egonaldirako

Urtebeteko egonaldia diruz ordainduko zaio Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunean, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten. Bekadunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartsuago batekin ekin ahal izango diote lanari. Beterri-ekinean zerbitzutik tutorizazio bat emango da, eta enpresa abian jartzea eta finkatzearekin lotutako laguntzak ere eskainiko zaizkio, horrela badagokio.

Eskaerak aurkezteko epea: irailaren 30era arte.

Bekaren zenbatekoa: gehieneko zenbatekoa 12 hilabeteko egonaldia izanez gero 1.089,00 eurokoa.

Onuradunen betebeharrak: adinez nagusia izatea; Beterri-Buruntza eskualdeko udalerritakoren batean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) erroldatua egotea; Usurbilgo Udalarekiko zerga-betebeharrak beteta edukitzea; Usurbilgo Udalerrian enpresa bat sortzeko ekimena garatzen ari izatea; Ekonomi Jardueraren gaineko Zergan alta emanda ez egotea edo gehienez ere 2017. urtean alta eman dutenak, eta norberaren kabuz ekonomia jarduera bat gauzatzen ez aritzea. Garatzen ari diren proiektuak baino ezingo dira aurkeztu, deialdiaren helburua ekintzaileen ekimen berriak definitzen eta abiarazten laguntzea baita.

Lokal hutsak biziberritzeko deia

Ekintzailea izan eta Usurbilen hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat jarri nahi duenak, udal diru-laguntza deialdira aurkeztu daiteke urriaren 31ra arte.

-Lehentasuna izango dute: “herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek. Ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek”.

-Gehienez ere lehenengo bi urteren alokairu gastuak diruz lagunduko dira:

- Lehenengo urtean alokairu gastuaren % 40a, gehienez ere 300 euro hilean.

- Bigarren urtean alokairu gastuaren % 30a, gehienez ere 200 euro hilean.

Izen ematea Hazilan programan

Unibertsitate-titulua edo goi-mailako prestakuntza zikloa egina izan eta lan aukera berri baten bila dabiltzan 20-44 urte arteko eskualdeko langabetuei zuzendua dagoen Beterri-Buruntzako udalen programa da Hazilan. Enpresa batean praktikak egiteko aukera eskaintzen duena. “Etorkizuneko proiektuak dituzten enpresak identifikatzen ditu eta lan bat lortzeko behar dituzun baliabideak ematen dizkizu”. Informazio gehiago: 943 30 42 21, hazilan@andoain.eus, hazilan.eus

Prestakuntza saio berriak

Goi mailako ikasketarik gabeko 18-22 urte arteko Beterri-Buruntzako gazte langabetuei zuzendutako deialdi interesgarria. Txertatu Merkatuan egitasmoaren bigarren edizioa abiatu dute eskualdeko udalek. Oraingoan margoketa industriala eta bizikleten konponketako prestakuntza saioak eskainiko dituzte irailetik abendura. Doako prestakuntza saiootan izena eman edo informazio gehiago jasotzeko: 943 30 42 21, txertatumerkatuan@andoain.eus