Abisu horia asteburuan, euri-jasak espero dira

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 8a, 07:51

Abuztuaren 30ean arazo ugari eragin zituen ekaitzaren argazkia duzue ondokoa. Agian antzeko irudia errepika daiteke asteburuan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du berriz larunbat goizaldeko 06:00etatik igande eguerdiko 12:00ak arte, prezipitazio "handi" eta "iraunkorragatik".

Denbora tarte horretan, hainbat lekutan metro karratuko 60 litro baino gehiago pila daitezkeela ohartarazi du Segurtasun Sailak, "bereziki kostaldean eta ekialdean. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, zenbait lekutan handia eta trumoitsua izan daiteke, bereziki kostaldean eta ekialdean". Ordubetean 15 l/m2 baino gehiago pilatu daitezkeela gaineratzen dute. 

IRAGARPENA

Irailak 8, ostirala

"Ostirala eguzkitsu dator eta tenperaturak gora egingo du. Goizean goiz laino maskal batzuk agertuko dira ipar partean eta ilundu ostean, berriro ere, behe-hodeiak sor daitezke kostaldean, baina eguna, oro har, eguzkipean igaroko du. Haizea suabe ibiliko da eta norabide finkorik gabe, baina arratsaldean iparraldetik sartuko da. Eguna freskotik hasi dugun arren, epeltzera egingo du eta arratsaldearen hasieran tenperatura balio atseginetan mugituko da".

Irailak 9, larunbata

"Larunbatean fronte hotz batek eguraldia goitik behera aldatu eta udazken giroa ekarriko digu. Fronte hotza goizean iritsiko da eta orduan euria nonahi egingo du, baina frontea igaro ostean zaparradak ipar partera bereziki mugatuko dira, bertan gainera mardul samarrak izan daitezke eta euria ia atsedenik gabe egingo du. Barnealdean berriz, arratsaldean, euri gutxi egingo du. Haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta dezente zakartuko denez, tarteka traba egingo du. Nabarmen freskatuko du eta tenperatura 20 ºC-tik behera geratuko da".

Irailak 10, igandea

"Ildo beretik jarraituko du, giro umela eta bustia izango dugu. Hodeitza trinkoagoa izango da ipar partean eta bertan zaparradak sarri botako ditu, bereziki egunaren lehen partean; arratsaldean erabat atertzerik lortuko ez duen arren, zaparradak txikiagoak eta tartekatuagoak izango dira. Barnealdean giroa lasaiagoa izango da, euri gutxi egingo du eta arratsaldean bereziki ostarteak zabalduko dira. Ipar-mendebaldeko haize finaren menpe jarraituko dugunez, tenperatura apur bat igoko den arren, fresko antzean jarraituko du".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus