Urriaren 1ean Katalunian deitua dagoen erreferenduma babesteko manifestazioa deitu du Gure Esku Dago mugimenduak, irailaren 16an Bilbon. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da mobilizazioa "Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko" aldarripean, Kasillatik. Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ostean, Udaletxean amaituko da.
Herritarra, jendetsua, anitza eta bateratzailea izan nahi duen hitzordu honetara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Irailaren 14ra arte eman daiteke izena guneotan; Artzabalen, Aitzagan, Patrin, Santuenea eta Aginagako Zahar egoitzetan eta Zubietako Alamandegin.
Autobusa manifestazioa hasi baino bi ordu lehenago abiatuko da Usurbildik; irailaren 16an, arratsaldeko 15:30etan Oiardo Kiroldegi paretik.
Manifestazioko antolatzaileek iragarri dutenez, "irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. Gaur ere gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Kataluniako herritarrei. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres".
KATALUNIA ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA BABESTEKO UNEA
Kataluniak abagune historikoa bizi du. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabaki nahi du datorren urriaren 1ean. Demokraziarekin eta erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa duen edonor ezin da ezer esan gabe gelditu Kataluniako egoeraren aurrean. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea daude jokoan. Biak babesteko unea da.
Beraz, Kataluniako herriarekiko elkartasun nahia euskal herritarren artean nagusi delakoan, manifestazio jendetsu bat antolatu Gure Esku Dagok, irailaren 16an Bilbon. Mobilizazioa herritarra, anitza eta bateratzailea izango da, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du.
Gure ustetan katalanen ahaleginak merezi du une honetan euskal herritarron babesa, bultzada eta beroa; orain, inoiz baino gehiago. Erreferendumak posible izan behar du. Gure babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen. Auzi politikoetan ez dute tokirik.
Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. Usurbilgo Gure Esku Dagotik ere Irailaren 16an Bilbora joateko dei luzatze dizuegu herritar guztioi, Kataluniako herritarrei gure elkartasun osoa adierazteko. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus