Errausketaren aurka, Kontxako giza-katean

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 11a, 11:30

Kontxako Bandera jokoan zuten bigarren igandean, tradizio bilakatu den irudia errepikatu zen beste urte batez atzo; oraindik orain konpontzeke segitzen duen hondakinen kudeaketaren auziarena. Errausketaren Aurkako Koordinadorak, Mugimenduak eta Donostia Bizirik Elkarteak deituta, giza-kate luzea osatu zuten igande eguerdian Donostiako Kontxa hondartzan. 

Hiru mezu nagusi bildu zituen mobilizazioko aldarriak; "Errausketarik ez. Osasuna bai. Alternatibak badaude". Eragile politiko, sindikal eta gizarte eragileen babes zabala jaso zuen giza-kateak: EHBildu, Alternatiba, Equo, Irabazi, Ezker Anitza, Podemos, CCOO, ESK, Duintasuna, LAB, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, eragile guztiona.

Asteburuko euri jasak kontuan izanda, jendetsua izan zen giza-katea. Kate luzea osatu zuten, iazkoa adina. Eta are ikusgarriagoa egin zuten mezua, hondartza ia hutsik baitzen.

Mobilizazio hau aurkezteko agerraldian antolatzaileek azpimarratzen zuten moduan, erraustegia eraikitzeko lanak abiatu dituzten arren, "gure borrokak darrai, ez dugu etsitzeko asmorik eta gertatzen dena gertatzen dela ere, hiri hondakinen errausketaren aurka jarraituko dugu. Klase politiko errausketazalearen eta modu batera edo bestera inplikatuta dauden enpresen interesak salatzen jarraituko dugu eta modu guztietako oztopoak jartzen saiatuko gara".

https://youtu.be/UXAqYthDXn8

GIZA-KATEKO DEITZAILEEN ADIERAZPENA