Elkartasun adierazpena, Kataluniako "El Vallenc" astekariari

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 11a, 13:19

Diada Egun historikoetan historikoena bizitzen ari dira astelehen honetan Katalunia osoan. Urriaren 1erako deitua duten erreferendumari  begirakoa zalantzarik gabe. Pil-pilean dago auzia. Aurreko astean gogoan izango duzue, Kataluniako Parlament-ak erreferendumerako eta trantsiziorako lege bana onartu zituela gehiengo osoz. 

Erreferendumerako prestaketak aurrerabidean diren honetan, Guardia Zibilak zenbait miaketa egin ditu azken egunotan. Besteak beste, Constantíko (Tarragona) inprenta batean, urriaren leheneko erreferendumerako bozka paperak bertan argitaratzen ari zirelakoan. Larunbatean bestalde, Vallsen, Tarragonan baita, "El Vallenc" astekariko egoitza miatu zuten. Erreferendumari lotutako dokumentazio bila sartu zen Guardia Zibila hedabide honen erredakziora. Ordenagailu nagusia edota hainbat dokumentu eraman zituen. Hedabideko zuzendari Frances Fàbregas ere komisaldegian deklaratzera deitu zuten.

Ehunka lagun hurbildu ziren polizia operazio honengatik protesta egin eta astekariko lan taldeari babesa adieraztera. Hainbat elkartasun mezu jasotzen ari dira egunotan "El Vallenc" astekarikoak. Baita Euskal Herritik ere.

NOAUA! kide duen TOKIKOM tokiko komunikabideen bateraguneak elkartasuna adierazi dio hedabideari, hedabideko zuzendariari eta eskualdeko prentsa biltzen duen elkarte katalan ACPC-ri ("L'Associació Catalana de la Premsa Comarcal"). TOKIKOM elkarlanean aritua izan da hirurekin, eta haiengandik jasotako laguntza eskertu du, adierazpen honen bidez: 

Elkartasuna El Vallen, Frances Fàbregas eta ACPCrekin

TOKIKOM, toki komunikabideen bateraguneak, azken orduotan Guardia Zibilak Kataluniako El Vallenc astekaria eta haren zuzendari eta Associació Catalana de la Premsa Comarcal-eko presidente Francesc Fàbregas-en aurka hartutako neurriak direla eta, honako hau adierazten du

  1. Elkartasun osoa adierazten diegula hala El Vallenc, nola haren zuzendari Francesc Fàbregas zein ACPC osoari. Hirurekin ere lankidetzan aritutakoa da TOKIKOM, eta ezin eskertuzko laguntza jaso du haiengandik. TOKIKOM osatzen dugun lagunok gure samina eta kezka ere adierazi nahi dugu gertakari larri hauen aurrean.
  2. Geure egiten dugula ACPCk egin berri duen adierazpen eta eskaria:

    1. Begirune handiena informazio eta adierazpen askatasunei
    2. Erredakzio periodistikoek duten pribatutasn eta sekretu profesionalerako eskubideak errespeta daitezela
    3. Hiritar guztien errugabetasun presuntzioa eta, bereziki, Francesc Fábregasena errespeta dadila.
    4. Segurtasun indarrek eta botere judizialek era proportzionatuan eta pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatuz joka dezatela.

Gertatutakoa zehatz-mehatz argitzen den bitartean, berriz ere gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu El Vallenc, haren zuzendariari, eta ACPC osoari.

Durango, 2017ko irailaren 9an