Jatorri guztietako herritarren bilgune bilakatu den Usurbil Herri Anitza! ospatu da azken urteotan. Aurtengoan Mundualdia izeneko jaialdiak ordezkatuko du ekimen hau. Urriaren 22an ospatuko da. Aurreko urteetako ekitaldietako batek ez du hutsik egingo; hain zuzen, munduko jakiak dastatzeko aukera izango dugu. Hitzordu hau, eta oro har, Mundualdia antolatzeko bilera deitu du Usurbilgo Udalak asteazken honetarako, irailak 13, arratsaldeko 19:30etan Potxoenean. "Bai ekintza honetan, bai egunaren antolaketan parte hartu nahi izango duten guztiak gonbidatuta daude bilerara”, adierazi dute Udaletik.
Kartela diseinatzeko lehiaketa
Jaialdia iragartzeko kartela prestatu nahi dute antolatzaileek. Horretarako, diseinu lehiaketa deitu dute. Adi, aurkezteko epea irailaren 22a baino lehen amaituko baita. Hauek dituzue oinarriak:
-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lana originala eta argitaratu gabea izango da, beste lehiaketetan parte hartu gabea, eta ez da izango beste lan batzuen kopia, ez guztiz, ez zati batean.
-Lehiaketa honetara norbanakoak zein taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun. Nahi adina lan aurkez daitezke.
-Lehiaketa irabazten duenak 200 euroko saria jasoko du.
-Lana irailaren 22a baino lehenago erregistratu behar da Usurbilgo Udaleko erregistroan edo postaz bidali beharko dira. Hona hemen helbidea:
Usurbilgo Udala / Jose Martin Sagardia Plaza z.g. / 20170 Usurbil.
-Proposamenak postaz bidaltzen direnean, posta-bulegoan bidaltzen deneko data justifikatu beharko da, eta egun berean e-maila bat bidaliko da udalera erregistroa@usurbil.eus helbidera.
-Egitarauaren diseinua egiterakoan, egitarauaren testua txertatzeko aukera eman behar duela aurreikusi behar da (behin betiko testua txertatu beharko du).
-Horretaz gain, Usurbilgo Udaleko logoa ere eduki beharko du.
-Mundualdia Usurbilen kartel-egitaraua euskaraz eta gazteleraz egingo da; euskarak lehentasuna izango du. Beste hizkuntzak bertan agertzea ere baloratuko da.
-Lanaren neurria librea izango da.
-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.
Xehetasun gehiago, esteka honetan: Lehiaketa oinarriak