Nagore Arruti: “Azkenak ez geratzea lorpen handia izan da guretzat”

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 13a, 13:22

Donostiarra emakume traineruaren lehen denboraldia izan da hauxe. Bertan aritu da Nagore Arruti usurbildarra. “Maiatzean trainerua osatu gabe genuen, pentsa. Baina lortu genuen osatzea eta udan zehar hobetzen joan gara etengabe”, telefono bidezko elkarrizketan adierazi digunez.

 

NOAUA! Ikusgarria izan zen igandekoa. Barrutik ordea, beste modu batean biziko zenuten. Beldurrik pasa al zenuten?

Nagore Arruti. Momentu batzuetan bai. Batez ere poparean, orduantxe ikusten dituzulako olatuak. Bestela, patroiak bakarrik ikusten ditu, eta berak abisatu ohi digu: “badator olatua eta aguanta!”. Beldur puntu batekin, baina polita izan zen. Itsasoa bare-bare dagoenean, aspergarria ere izan daiteke.

 

Horrelako itsasoan aritu al zarete inoiz?

Entrenatzen tokatu izan zaigu antzeko itsasorik. Lekeitioko estropadan olatu asko egon zen, baina aurreko igandekoarekin zerikusirik ez.

 

Fisikoki, bestetan baino askoz gehiago sufritu al zenuten?

Olatuaren kontra joateko indarra egin behar da baina  horrelakoetan mentalki ere ahalegin handia egin behar duzu. Nekagarria egiten da, olatuen eraginez aurrera egitea gehiago kostatzen zaizulako. Errekan aldiz, ur gutxiago dagoenean, askoz gehiago nekatzen zara fisikoki.

 

Zazpigarren amaitu zenuten. Pozik emaitzarekin?

Deustu eta Hernaniren aurretik ibili izan gara Ligan, eta beraien aurretik amaitu nahi genuen. Deusturen aurretik bukatu genuen baina Hernanik oso estropada ona egin zuen. Bestela, oso pozik. Hernani, Deustu eta beste traineru guztiek (Mecosek izan ezik) bloke bat dute. Hiru urteko esperientzia dute talde gehienek. Gure kasuan, hau izan da lehen urtea. Azkenak ez geratzea lorpen handia izan da guretzat.

Datorren urtean talde berean jarraitzeko asmoa du

Nola laburbilduko zenuke denboraldi osoan egindako lana?

Oso positiboa izan da. Urriaren 29an hasi ginen entrenatzen. Lehen entrenamendu hartatik Kontxako Bandera bitarte, salto handia eman dugu.

 

Bilakaera handia izan duzue oso denbora gutxian.

Sekulakoa izan da. Udan zehar hobetzen joan gara etengabe.

 

Maila pertsonalean, zein izan da denboraldiko unerik gozoena? Eta unerik zailena edo gogorrena?

Unerik zailena? Ba maiatzekoa akaso. Oraindik trainerua osatu gabe genuelako. Udako denboraldia hastear zen eta jendea faltan genuen. Unerik onena? Donostiako Aste Nagusian, Gipuzkoako Ligan jokatutako bandera irabazi genuenean. Oso une polita izan zen hura.

 

Ze asmo duzu datorren urterako? Donostiarran jarraituko al duzu?

Prinzipioz, bai. Gauzak ez badira okertzen behintzat, bai. Beste talde batzuk ere badaude, baina azkenean gustura zauden tokian jarraitzea gauza ederra da.

“Emakumeon partehartzeak gora egin du nabarmen”

Berdintasunaren bidean, gauzak asko hobetu al dira arraun munduan ala asko al dago egiteko oraindik?

Urtetan, arrauna gizonen kirol bat izan da. Azken urteotan ordea, emakumeon partehartzeak gora egin du nabarmen. Aurten, Gipuzkoako Ligan hamar traineru egon gara. Goraka doa emakumeen presentzia. Alor batzuetan gainera, diskriminazio positiboa egiten da emakumeen arrauna bultzatzeko garaian. Gauzak horrela egiten direnean, maiz arrapaladan egiten dira, baina pixkanaka sendotzen ari da emakumeen arrauna.

Nahiz eta trainerua osatu eta mantentzea zailagoa den, ari da bere bidea egiten. Talde batzuk desagertu eta beste batzuk sortzen dira baina balantzea positiboa da beti. Gero eta traineru gehiago daudelako. Hurrengo urtean ere gehiago izatea espero dugu.

Ea mutiletan bezala, emakume guztientzako liga bat osatzen den. Nesketan ere, TKE eta KAE bezalako kategoriak osatuko balira, seinale ona litzateke.

 

Argazkia: Maria Angeles Arruti.