Usurbilgo Udalaren ekainaren 27ko eta uztailaren 26ko azken osoko bilkuretan onartutako zerga ordenantzako azken aldaketak erreklamazio epean izan dira. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onartutzat jo ditu Udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara eman duen iragarkiaren bidez.
Gogoan izan, zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza behin behinean onartu zuen udalbatzak ekainaren 27ko osoko bilkuran. Uztailaren 6an eman zuen argitara Udalak erabaki haren berri, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Akatsak zeuden ordea, Oiardo Kiroldegiko zenbait ikastaroren prezioetan eta uztailaren 26ko osoko bilkuran akatsok zuzentzea onartu zuen udalbatzak aho batez.
Aldaketa, 2017ko zerga ordenantzan
Udalak ordenantza hau indarrean duen arren, honen baitan badira zenbait prezio, ikasturteka onartu beharrekoak. Horien artean, Oiardo Kiroldegiak irailean martxan jarri ohi dituen ikastaroetako prezioak. Iaz esleitu ziren ikastarook emateko zerbitzua. %1,9an finkatu zen zerbitzu kostuaren igoera eta igoera hauxe bera zen, ekainaren 27ko osoko bilkuran udal gobernu taldeak aplikatzea proposatu zuzena. Aho batez onartu zen. Baita, udazkenean martxan jarriko den eguneko arreta zerbitzuaren prezioak ere. Diru-sarreren arabera, eguneko 1-3 euro artean finkatzea erabaki zuten. Aldaketok aho batez onartu zituen hasieraz udalbatzak, ekainaren 27ko osoko ohiko bilkuran.