Erraustegiko lanen bigarren fasearen tramitazioan urrats berri bat eman du, oraingoan Eusko Jaurlaritzak. Bigarren fase honetarako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eskatutako ingurumen baimen bateratua eskuratzeko dokumentazioa jendaurrean jarri du ikusgai. Ostegun honetatik hasita, 30 eguneko epea finkatu dute alegazioak aurkezteko. Dokumentazioa bideotatik kontsulta dezakezue:
-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan: Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz.
-Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan: Intxaurrondo, 70, Donostia.
-Donostiako Udalean.
-Helbide honetan: euskadi.eus (dokumentazioa nagusiki erdara hutsean).
Alegazio epea zabalduko dutela berri emateko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaraturiko iragarkietan zehazten duenez, "ingurumeneko baimen bateratuaren helburua da araua bete behar duten instalazioek haren xedea bete dezaten beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, hain zuzen, baimena ematerakoan parte hartu behar duten hainbat herri-administrazioren koordinazioa bermatu eta herritarren administrazio-beharrak arintzen dituen prozedura baten bitartez gauzatuko dena".
Lanen bigarren faseaz erabakitakoa ere, alegazio epean
Erraustegiko lanen bigarren fasea garatzeko tramitazio betean da Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa (GHK). Bide horretan urrats berri bat eman zuen irailaren 5ean. Erakundeko administrazio kontseiluak uztaila amaieran onartutako bigarren fase honetako aurreproiektua eta bideragarritasun-plana berretsi zituen asanbladak.
GHK-k hartutako erabakion berri plazaratu zuen irailaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Biharamunetik, irailaren 8az geroztik, erabakion espedienteak jendaurrean ikusgai jarri eta erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea zabalik dago.
Azpiegitura gehiago Zubieta gainean
Lanen bigarren fase honen baitan, urtero gaika bildutako 40.000 tona organiko tratatzeko gaitasuna izango duen biometanizazio planta bat eta zepak obra publikoetarako arido birziklatuetan bihurtzeko urteko 52.000 tona tratatzeko gaitasuna izango duen planta eraiki asmo dituzte, Zubietako Eskuzaitzetan, 31.988 metro karratuko partzela batean.
37 milioi euro bideratu asmo dituzte azpiegiturotara. Lanen bigarren fase hau, 2018ko maiatzean abiatu eta 2019. urteko erdialderako martxan egotea aurreikusten dute. Lehen faseko lanekin, erraustegia eta tratamendu mekaniko-biologikorako plantarekin batera, eraiki nahi dituzte bigarren faseko planta hauek ere. Legealdia amaitzerako, 2019ko udaberrirako planta guztiok martxan izatea nahi ditu Foru Aldundiak.
GHK-ren AZKEN ERABAKIAK, ALEGAZIO EPEAN
1-Erraustegiko lanen "bigarren fasearen diseinua, eraikuntza, finantzaketa, ustiapena eta artapena egiteko obra publikoaren emakidari buruzko bideragarritasun azterlana":
-Espediente hau irailaren 8tik aurrera 30 egunez jendaurrean ikusgai egongo da, astelehenetik ostiralera, 8:30-14:30 artean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) Hernaniko egoitzan: Ibaiondo poligonoa 27-3. "Halaber, Kontsortzioaren Iragarki Taulan eta Kontratatzailearen Profilean ere argitaratuko da, jendaurreko informazio epea amaitzen den egunera arte". Tarte horretan GHK-ko egoitzaren erregistro orokorrean iradokizun edo erreklamazioak aurkezteko aukera egongo da.
-30 eguneko epea amaitu ostean, erreklamazio eta iradokizunak ebatzi eta "Batzar Nagusiak behin betiko onarpena emango dio. Inolako erreklamazio edo iradokizunik aurkeztu ez bada, ordura arte behin behineko akordioa behin betikotzat hartua dela ulertuko da".
2-Erraustegiko lanen "bigarren fasearen diseinua, eraikuntza, finantzaketa, ustiapena eta artapena egiteko obra publikoaren emakidari buruzko eraikuntzaren eta ustiapenaren Aurreproiektua".
-Espediente hau irailaren 8tik aurrera 30 egunez jendaurrean ikusgai egongo da, astelehenetik ostiralera, 8:30-14:30 artean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) Hernaniko egoitzan: Ibaiondo poligonoa 27-3. "Halaber, Kontsortzioaren Iragarki Taulan eta Kontratatzailearen Profilean ere argitaratuko da, jendaurreko informazio epea amaitzen den egunera arte". Tarte horretan GHK-ko egoitzaren erregistro orokorrean iradokizun edo erreklamazioak aurkezteko aukera egongo da.
-30 eguneko epea amaitu ostean, erreklamazio eta iradokizunak ebatzi eta "Batzar Nagusiak behin betiko onarpena emango dio. Inolako erreklamazio edo iradokizunik aurkeztu ez bada, ordura arte behin behineko akordioa behin betikotzat hartua dela ulertuko da".
Informazio gehiago:
Irailaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala: GHK-k onartutako bideragarritasun azterlana
Irailaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala: GHK-k onartutako aurreproiektua