"Guk ere egingo genuke". Hala adierazi dute ostegun eguerdi honetan Donostian hedabideen aurrera agertu diren EHBilduko 40 alkateek (koalizioko gainerako alkateek agenda arazoengatik ezin izan dute bertaratu). Urriaren 1eko erreferendumaren harira, Fiskaltzak deklaratzera deitu dituen Kataluniako 700etik gora alkateei elkartasuna adierazi diete, hautetsontzi huts bat ondoan zutela. Haien jarrera demokratiko eta ausarta goraipatu, eta alkateon antzera jokatuko luketela nabarmendu dute. "Guk ere autodeterminazio ariketa batean herritarren parte hartzea erraztuko genuke", adierazi dute.
Nabarmendu dutenez, katalanak ordezkatzen dituzten 700 udalerritik gorako alkateak deklaratzera deitu ditu Fiskaltzak, "demokraziaren ariketa errazten saiatzeagatik". Estatuaren errepresioa salatu dute. Argi utzi dute beste behin, Espainiako Gobernua ez dela gai demokratikoki jokatzeko. Estatu espainiarrari gogorarazi diote, "Kataluniako gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubide eta askatasun osoa duela". Kataluniak bakarrik ez, Euskal Herrirako ere autodeterminazio prozesuarekiko konpromisoa adierazi dute. Agerraldian parte hartu duten EHBilduko alkateen artean zegoen Usurbilgoa ere, Xabier Arregi.
Irudia: EHBildu.