Urriaren 1eko erreferendumari, haien erabakitze eskubideari, Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko larunbateko Bilboko manifestaziora joateko azken gonbita luzatu du gaur Gure Esku Dago mugimenduak Gasteiztik. Irailaren 16ko mobilizazioan Bizkaiko hiriburuko kaleak jendez betetzera deitu dute. Jendetsua eta anitza izatea espero dute, larunbat arratsaldeko 17:30etan Kasillatik abiatu, eta Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ostean, Udaletxean amaituko dena.
Oso larritzat eta onartezintzat jo dute gertatzen ari dena, eta aski dela esatera animatu dituzte herritarrak. Erabakitze eskubidea guztiona dela eta herritarren garaia dela aldarrikatuko dute etzi Bilbon.
Autobus zerbitzurako izen ematea tabernetan
Gure Esku Dago mugimenduak irailaren 16rako Bilbon deitutako manifestazioa, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Kasillatik, "Demokrazia. Bozkatu erabakitzeko" aldarripean.
Herritarra, jendetsua, anitza eta bateratzailea izan nahi duen hitzordu honetara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Izena aurrez eman beharko da, apuntatzeko epea ixtear dute. Tokiotan jarri dituzten zerrendetan apunta zaitezkete: Artzabalen, Aitzagan, Patrin, Santuenea eta Aginagako Zahar egoitzetan eta Zubietako Alamandegin.
"Erabakitzeko eskubidearen alde eta Kataluniako herritarren defentsan. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres. Eman izena autobusean, irailaren 14a baino lehen", animatzen dute erabakitze eskubidearen aldeko bilgunetik.
Usurbildarren argazkia
Bilborantz abiatuko den autobuses igo aurretik usurbildarren argazkia aterako da 15:25ean Oiardo Kiroldegi parean.
Gure Esku Dago Usurbil: "Gure erabakitze eskubidea ere jokoan dago"
Adi adi jarraitzen ari dira euskal herritar asko bezala, Katalunian egunotan bizi dutenari. Baina begira egoteaz gain, elkartasuna adierazi eta gure bide propioa jorratzeko urratsak ematen jarraitzeko gonbita luzatzen dute Gure Esku Dago Usurbiletik. Euskaldunon erabakitze eskubidea ere jokoan dagoela gogorarazten digute. Horregatik, urriaren 1eko erreferenduma babesteko larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joatera deitzen digute, aste honetako NOAUA! aldizkarirako eskaini dioten elkarrizketan. Esteka honetan duzue irakurgai: 710. NOAUA!, 2017ko irailak 15
Gure Esku Dago Usurbilen adierazpena
KATALUNIA ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA BABESTEKO UNEA
Kataluniak abagune historikoa bizi du. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabaki nahi du datorren urriaren 1ean. Demokraziarekin eta erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa duen edonor ezin da ezer esan gabe gelditu Kataluniako egoeraren aurrean. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea daude jokoan. Biak babesteko unea da.
Beraz, Kataluniako herriarekiko elkartasun nahia euskal herritarren artean nagusi delakoan, manifestazio jendetsu bat antolatu Gure Esku Dagok, irailaren 16an Bilbon. Mobilizazioa herritarra, anitza eta bateratzailea izango da, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du.
Gure ustetan katalanen ahaleginak merezi du une honetan euskal herritarron babesa, bultzada eta beroa; orain, inoiz baino gehiago. Erreferendumak posible izan behar du. Gure babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen. Auzi politikoetan ez dute tokirik.
Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. Usurbilgo Gure Esku Dagotik ere Irailaren 16an Bilbora joateko dei luzatze dizuegu herritar guztioi, Kataluniako herritarrei gure elkartasun osoa adierazteko. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Irudia: Gure Esku Dago Usurbil.