“Hozkailua”, adiskidetasunari buruzko antzezlana

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 14a, 19:05

Aurreko astean hasi ziren Jauzi! Antzerki Egunak. Ekitaldi gehienak, ordea, asteburu honetan egingo dira. Aspaldiko partez, Ander Lipus aktorea ikusi ahal izango dugu Sutegiko oholtza gainean. Hozkailua antzezlanaz eta bere ibilbideaz luze zabal hitz egiteko aukera izan dugu.

 

NOAUA! Francoren bilobari gutuna antzezlana amaitu eta handik gutxira Hozkailua eskaintzen hasi zineten. Muntaia handi batetik txiki batera igarotzea arraroa egin al zitzaizun?

Ander Lipus: Zorionez, ez. Zorionez aukeratzeko moduan gara. Argi genuen hurrengo obra formatu txikikoa izango zela eta beste itsaso batean mugituko ginela. Beste modu bateko antzezlan bat proposatu nahi genuen, hain juxtu horregatik, obra handiagoekin iristen ez garen tokietara iritsi ahal izateko.

 

Sutegira, adibidez. Francoren bilobari gutuna-rekin ez bezala, Hozkailua-rekin Usurbilen arituko zarete.

A. L. Sutegik gauza bat du ona: gertukoa dela. Antzokiaren neurriak ez dira hain handiak eta, horri esker, publikoa gertuago sentitzen duzu. Eta hori da Hozkailua antzezlanarekin bilatzen genuena. Francoren muntaia ez zen Sutegin sartuko, eszenografia konplexua zuelako. Katxea ere handiagoa zen. Kasu honetan, posible izango da eta oso gustura joango gara Usurbilera. Oker ez banago, Publikoari gorroto antzezlanarekin izan nintzen azkeneko aldiz Sutegin.

 

Zer nolako oroitzapenak ekartzen dizkizu Sutegik?

A. L. Garai batean asko ibili nintzen bertan, baina aspaldian ez dut Sutegira itzultzeko aukera handirik izan. Faltan botatzen dut, egia esan. Lehen Topa Jardunaldietan eta orain Jauzi Antzerki Egunetan antolatzaile lanetan dabiltzanak antzerki mundukoak dira. Eta horrek bestelako berotasun bat ematen dio gure hitzorduari. Tratua ezberdina da eta, zentzu horretan, oso mimatuak sentitzen gara.

Gainera, Usurbilen aritu izan garenean publiko bat hurbildu izan da eta hori da guretzat inportanteena: publikoa antzerkira hurbiltzea. Oraingoan ere, jendea etortzea eta Hozkailua proposamenarekin gozatu ahal izatea espero dugu.

 

Transgresioa, umore beltza, absurdua...

NOAUA! Hausnartzeko ere baliogarriak izango dira Jauzi Antzerki Egunak. Iaz umorea izan zen gai nagusia. Aurten, transgresioa. Hozkailua obrak zenbat du umoretik eta zenbat du transgresiotik?

Ander Lipus: Bere garaian, hiru pertsonaiak (Jimmy, Karlos eta Maite) transgresoreak ziren. Punkiak ziren eta sistematik kanpo bizi ziren. Euren asmoen artean rocka, drogak eta jairik jai ibiltzea zegoen. Halaxe bukatu zuten, oso gazte, Londoneko etxe okupatu batean bizitzen. Horrek badu transgresoretik zerbait.

Obran badaude beste momentu batzuk bere garaian transgresore izan zirenak, eta oraindik hala direnak. Espiritu hori badago. Baina horretaz aparte, beste gai batzuk ukitzen dira. Umore beltzetik ukitu ere. Kontua hartu hozkailuaren barruan aspaldiko lagun baten gorpua dakartela. Hortaz, absurdutik ere badu.

 

Adiskidetasunari buruzko antzezlan bat dela esan daiteke?

A. L. Hori da. “Kolega” izateari buruzko hausnarketa egiten da. Karlosek une jakin batean London uztea erabaki zuen, herrira itzuli eta bizitza normal hastea. Bizitza normal hori bidegurutze batean bilakatuko da gero. Emaztearengandik banandu egingo da, ez du hipoteka pagatzeko dirurik, egoerak gainezka egin dio... Eta bapatean, Maite agertuko da, Jimmy hil dena esanez. Laguntza eske ari zaio Maite, eta hor pizten zaio kolega sentimendua Karlosi: “nola ez naiz joango nire lagun izandakoa laguntzera?”. Hor hasten da road movie kutsua duen antzezlana.

Hiru pertsonaia hauen bizitzekin eta euren adiskidetasunarekin zer gertatu ote den argitzen joango dira ikusleak.

 

Errautsak (2010) antzezlanean ere, hildakoek presentzia handia zuten. Baten batek pentsatuko du fijazio modukoa duzue defuntuekin.

A. L. Kar, kar, kar! Antzerkia egiteko garaian, une edo egoera estremoak bilatu behar dituzu. Guk hala uste dugu behintzat.

Heriotza errekurrentea ote den ez dakit, baina akaso gure buruan dagoen zerbait da, mamu bat, tabu bat… Teatroa egiteko puntako pertsonaiak sortu behar dituzu.

Badira Errautsak eta Hozkailua antzezlanen arteko kointzidentzia batzuk, baina natural etorri zen. Zerbait ibiltaria egin nahi genuen eta horrela suertatu da. Baina gehiago du kointzidentziatik.

Elkarlanean

NOAUA! Unai Iturriaga eta Igor Elortza gidoilari gisa aritu dira zuen azken muntaietan. Teatroa egiteko modu bat sendotzen ari zaretela esan daiteke, ezta?

A. L. Elkarlan horrek zerbait badakar. Gure belaunaldi berekoak dira. Baditugu kezka komun batzuk. Gure herrian kokatzen dira istorioak, komunitate batengana iritsi nahi dugu, euskaraz aritzen gara… Badugu iruditeria komun bat eta publikoak iruditeria hori jasotzen du. Uste dut horrek guztiak nolabaiteko zigilua ematen diola gure arteko elkarlanari.

Harreman estua dugu Unairekin eta Igorrekin baina beste idazle batzuekin ere bidea egiteko ahaleginean gabiltza.

Musikaren presentzia

NOAUA! Musikak garrantzia handia du zuen antzezlanetan eta  Hozkailua-n ere hala da. 80. hamarkadako abestiak kantatzen dituzue. Obra hau generazionala dela esango al zenuke?

A. L. Ez dugu horrela sentitzen. Denetariko publikoa etorri da gu ikustera.  Gainera, beste gai batzuk ere agertzen dira: aitatasuna, amatasuna, bikote kontuak, sexua… Badaude gauza batzuk ez direnak generazio bakarrari dagozkionak. Adin ezberdineko publikoarentzat egokia dela esango nuke.

Egia da, bestetik, izugarrizko garrantzia ematen diogula musikari. Patricia Urrutiak gitarra jotzen du, nik harmonika, eta bion artean abesti ezagun batzuk kantatzen ditugu obran. Keu Agirretxearen slide guitar bat ere entzuten da. Dena den, Asier Ituartek egin du antzezlan honetako musika eta bere lanak oso ondo girotzen du Manex Fuchs zuzendariak irudikatu duen obra.

Jauzi! Antzerki Egunak, bete-betean

Irailak 14 osteguna

19:00 Kale ekintza musikatua. Ibilbidea: Txiriboga, Txirristra, Antxeta pareko plazatxoa eta Artzabal.

Herriko hainbat txokotan pieza desberdinak:

- Daltonak taldeak, “Lapur depresiboak”.

- Muxurbilek, “Gure heroiak” biak usurbildarrak.

- Gorka Zubeldia eta Eñaut Gantxegi transfugek, “Opor politikoak”.

Irailak 15 ostirala

19:00 Mahai ingurua Sutegiko auditorioan: “Transgresioa, tabua ala desira?”.

Hizlariak: Kattalin Miner, Oier Guillan eta Manex Fuchs.

21:00 “Tentexut” zizka mizkak Sutegin.

22:00 “Hozkailua” antzezlana Sutegiko auditorioan. Sarrerak: egunean bertan 5 euro (3 euro ikasle eta langabetuentzat).

Irailak 16 larunbata

Zirku jostaldia 11:00etan Santueneko frontoian. Haur eta gaztetxoentzako ekintza izango da. Sarrera doan.

“Zatarraren edertasuna” 18:00etan ikastaroa Sutegin. Aktore eta zuzendaria: Iñaki Ziarrusta. Sarrera: egunean bertan 5 euro (3 euro  ikasle eta langabetuentzat).

“Tentexut” zizka mizkak 21:00etan Sutegin.

“Fakiu” antzezlana 22:00etan Sutegiko auditorioan. Sarrerak: egunean bertan  5 euro (3 euro ikasle eta langabetuentzat).

Antolatzaileak: Muxurbil eta EHAZE. Laguntzailea: Usurbilgo Udala.