Akordioa Ingemarren

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 15a, 11:31

Ingemarren akordioa erdietsi dutela berri eman du ELA sindikatuak ohar bidez. Honenbestez, enpresako zuzendaritzak Usurbilgo lantegia ez du itxiko, nahiz bertan lan egingo dutenen kopurua jaitsiko den. 34 lanpostu mantenduko ditu Ingemarrek, orain artekoaren erdia. "Akordioaren arabera plantillako erdiari baja pizgarridunak, ez-traumatikoak, emango zaizkio (30 egun lan egindako urte bakoitzeko), eta pertsonaleko gainerakoentzat, lan-baldintzak aldatu gabe, industria-proiektu bat geratuko da, makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik utzita", berri eman du ELA sindikatuak. 

Akordioak bi helburu ditu aipatu sindikatuaren esanetan, "industria-proiektu bat finkatzea eta kaleratze traumatikorik ez gertatzea". Urrats berri hau eman den arren, hemen ez da amaitzen orain arte bideratu duten borroka. "Usurbilen enplegu gehiago sortzeko industria-proiektu baten aldeko borroka ez da bukatu", ohartarazi dute ELA-tik.

Urte luzez borrokatu dira Ingemarreko langileak, Usurbilgo planta ixtearen aurka, eta haien lan baldintza eta lanpostuen alde. Gogoan izan, hartzekodunen lehiaketan zen Ingemar. Ekainean zuzendaritzak lan talde osoa, 70 langile kaleratzeko EEE bat aurkeztu zuen. "Kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu zen. Hala ere, eta presio sindikal eta juridikoaren ondorioz, negoziazio-bide berriak urratu ziren, eta azkenean akordioa lortu da", berri eman du ELA sindikatuak.

Irudia: Ingemarreko langileek ekaina amaieran Galizan egin zuten elkarretaratzea.