Usurbildarrak ere badoaz, Gure Esku Dagok Bilbon deitutako manifestaziora

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 16a, 10:22

Urriaren 1eko erreferendumari, haien erabakitze eskubideari, Kataluniako herriari elkartasuna adieraziko diote milaka herritarrek, Gure Esku Dago mugimenduak gaurko Bilbon deitua duen manifestazioan. Tartean usurbildarrek. 15:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegitik Usurbilgo erabakitze eskubidearen aldeko lan taldeak antolaturiko autobus zerbitzua. Autobusera igo baino lehen, usurbildarren elkartasun argazkia aterako da.

Antolatzaileek jendetsua eta anitza izatea espero dute, gaur arratsaldeko 17:30etan Kasillatik abiatu, eta Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ostean, Udaletxean amaituko den manifestazioa. 

Oso larritzat eta onartezintzat jo dute gertatzen ari dena, eta aski dela esatera animatu dituzte herritarrak. Erabakitze eskubidea guztiona dela eta herritarren garaia dela aldarrikatuko dute gaur Bilbon.

 

Gure Esku Dago Usurbil: "Gure erabakitze eskubidea ere jokoan dago"

Adi adi jarraitzen ari dira euskal herritar asko bezala, Katalunian egunotan bizi dutenari. Baina begira egoteaz gain, elkartasuna adierazi eta gure bide propioa jorratzeko urratsak ematen jarraitzeko gonbita luzatzen dute Gure Esku Dago Usurbiletik. Euskaldunon erabakitze eskubidea ere jokoan dagoela gogorarazten digute. Horregatik, urriaren 1eko erreferenduma babesteko larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joatera deitzen digute, aste honetako NOAUA! aldizkarirako eskaini dioten elkarrizketan. Esteka honetan duzue irakurgai: 710. NOAUA!, 2017ko irailak 15

Gure Esku Dago Usurbilen adierazpena

KATALUNIA ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA BABESTEKO UNEA

Kataluniak abagune historikoa bizi du. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabaki nahi du datorren urriaren 1ean. Demokraziarekin eta erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa duen edonor ezin da ezer esan gabe gelditu Kataluniako egoeraren aurrean. Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea daude jokoan. Biak babesteko unea da.

Beraz, Kataluniako herriarekiko elkartasun nahia euskal herritarren artean nagusi delakoan, manifestazio jendetsu bat antolatu Gure Esku Dagok, irailaren 16an Bilbon. Mobilizazioa herritarra, anitza eta bateratzailea izango da, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du. 

Gure ustetan katalanen ahaleginak merezi du une honetan euskal herritarron babesa, bultzada eta beroa; orain, inoiz baino gehiago. Erreferendumak posible izan behar du. Gure babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen. Auzi politikoetan ez dute tokirik.

Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko diogu Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari; hau da, herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia baita. Demokrazia besterik ez. 

Usurbilgo Gure Esku Dagotik ere Irailaren 16an Bilbora joateko dei luzatze dizuegu herritar guztioi, Kataluniako herritarrei gure elkartasun osoa adierazteko. Ez zaudete bakarrik. No esteu sols. Estem amb vosaltres. 

Informazio gehiago: gureeskudago.eus

Irudia: Gure Esku Dago Usurbil.