Atallu industriaguneko pabiloi batean 1.950 marihuana landare atzeman zituen Ertzaintzak aurreko astean. Pabiloia errentan hartua zuten bi gizonezko identifikatu zituen landareon ekoizpenarekin nahastuak daudelakoan “eta ikerketapean daude osasun publikoaren aurkako delitu baten ondorioz”, Ertzaintzak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez. Ikerketak zabalik segitzen du, “ez da baztertzen pertsona gehiago nahastuak egotea”.
Polizia operazioa irailaren 14tik 15erako gauean,“itxuraz jarduerarik ez zuen industria-pabiloi batean, gauez eta udal-baimenik gabe, egiten ari ziren obren ondorioz hasi zen”. Antza, “gizonezko bat pabiloitik irtetera zihoala ikusirik, gizonezkoa geldiarazi eta identifikatu zuten. Gizonezkoak agenteei eraso egin zien, eta ihes egiten saiatu zen. Ertzainek atxilotu zuten agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delituaren akusaziopean”.
Pabiloi barruan 40 zentimetro inguruko altueradun 1.950 marihuana landare aurkitu zituen Ertzaintzak. “Plantazioak ureztatze-sistema automatizatua zuen, potentzia handiko ia ehun lanpara, bost haizagailu eta bederatzi erauzgailu, bi tximiniatara konektatuta”, berri eman dutenez.
Irudiak: ertzaintza.net