Eskolatik kanpo, hezkuntza ez arautura jauzi egin nahi du udazken honetan, besteren artean Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Hezkuntza ez arautuan eragiteko Salto! udalerri euskaldunetako 15-18 urte artekoentzako Gazte Topaketak antolatu ditu urriaren 20tik 22ra, Orioko Itxaspe baserrian. Hiru egunotan, hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute: hondartzara txangoa, kantaldiak eta kontzertuak terrazan, jolasak, solasak, bisita sorpresak… “gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko. Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi da”.
Udalak euskaldundu arren, udalerriak erdalduntzen ari direla jabetuta, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiatu zuen UEMAk duela bi urte. Aurreko ikasturtean, UEMAko kide diren udalerrietako ikastetxeetako ikasleekin elkarlanean jardun da erakundea. "Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain. Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian" antolatu dituzte urriko Salto! Gazte Topaketak.
"Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburuetako bat, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin".
Izen ematea (urriaren 9ra arte) eta argibide gehiago:
943 816 699
uema.eus
Enparan kalea 1, 2a, 20730 Azpeitia, Gipuzkoa.
Prezioa: 30 euro.
Guraso bilera Gaztelekuan
Ikasturte berri honetan Gaztelekuan parte hartzen hasiko diren DBH1eko gazteen guraso bilera deitu dute irailaren 28an 18:00etan. Gaztelekuaren funtzionamendua azalduko zaie.