Kataluniarekin bat egiteko elkarretaratzea 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 20a, 07:18

Usurbilgo EHBilduk deitu du elkarretaratzea. Aipatu moduan, gaur (irailak 20) 19:00etan Mikel Laboa plazan. Usurbilen bezala, beste hainbat udalerrietan ere mobilizazioak deitu dituzte.

Kataluniako herriak bizi duen errepresioa salatuko da hitzordu guztiotan, Kataluniako herriari, urriaren 1erako deitu duten erreferendumari eta demokraziari babesa adieraztearekin batera. Hitz gutxitan, Kataluniarekin bat egiteko mobilizazioak izango dira, azken orduotako gertakarien ostean.

Azken asteotan Kataluniako herria pairatzen ari denari, azken orduotako miaketak eta atxiloketak batu behar zaizkie. Guardia Zibilak gutxienez 14 lagun atxilotu (tartean Generalitateko goi kargudunak) eta 22 miaketa egin ditu. Atxilotuen artean daude:

-Josep Maria Jove eta Lluis Salvado Ekonomia eta Ogasun idazkariak.

-Josue Sallent Rivas Informazio Teknologien eta Telekomunikazioen Zentroko arduraduna (CCTI, katalanez).

-Xavier Puig Farre Gizarte Gaien Bulegoko kidea, Pau Furriol eta Mercedes Martinez (erreferendumerako materiala ei duen industria-nabe bateko arduradunak).

-David Franco Martos (CTTIko idea).

-David Palancad Serrano Atzerri Gaietarako Bulegoko kidea.

-Juan Manuel Gomez Ekonomia Kontseilaritzako kidea.

-Jordi Graells Herritarrarentzako Arreta Zerbitzuko zuzendari eta U-1eko boto elektronikoaren arduraduna.

-Jordi Puignero CCTIko presidentea.

-Fundacio.cat webguneko langile bat.

Atxiloketokin batera, Espainiako Polizia CUP-en egoitzan sartu da. Guardia Zibila aldiz, Generalitateko lau egoitzatan: Presidenteordetza, Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzaren egoitzan, Atzerri Gaietarako Kontseilaritzaren egoitzan, Gobernazio eta Herri Lanen Kontseilaritzaren egoitzan eta Lan eta Gizarte Gaien Kontseilaritzaren egoitzan. 

Honi guztiari, besteak beste, urriaren 1eko erreferenduma babesteagatik deklaratzera deitu dituzten 700etik gora alkateren egoera batu behar zaio.