Erabileran urrats handiak ematea ahalbidetzen die. Bidea gainera lagun artean egiten dute. Ate asko zabaltzen zaizkie, harremandu edo eguneroko bizimoduan, lanean, nahiz aisialdian. 2010. urtean Etumeta AEK euskaltegiak, Usurbilgo Udalarekin eta NOAUA! Kultur Elkartearekin elkarlanean abiatutako Mintzalagun egitasmoari buruz ari gara.
Egun sei bat talde parte hartzen dabiltza, baina gehiagorentzako lekua bada noski, bai euskaraz jakin edota ikasten ari direnentzat. Egitasmoak ez du etenik urtean zehar. Noiznahi eman dezakezue izena, Etumeta AEK euskaltegira gerturatuta.
“Ez da euskara ikasteko soilik. Praktikatzeko, erabileran pauso bat gehiago emateko baizik”, Etumetatik aditzera eman digutenez. Euskara ikasten aritu nahiz jakin arren, maila hobetu nahi izan edota erdaraz hitz egiteko joera handiagoa izan dezaketenentzat aproposa da Mintzalagun. Dakienak ez du irakasle papera bete behar, laguntzailearena baizik. Ez dakienak ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango du.
Mintzalagunek ez du gutako bakoitzaren agendatik denbora askorik kentzen. Astean ordubete, kafe baten bueltan eguneroko bizimoduaz tertulian aritu, paseotxo bat eman, edota taldean sor daitekeen bestelako planen bat eginez, euskara ahotan hartzea, hortxe hartu beharreko konpromisoa. Bai bidelagunena zein bidaiarena, euskaldun “zahar” zein “berriena”.
Zortzi urte betetzera doa Mintzalagun egitasmoa. Dagoeneko ekimenak egin duen ibilbidearen adierazleetako bat dugu euskaltegitik aipatu digutena. “Bada Mintzalagunen hasi eta orain lanean euskaraz dabilena”, azpimarratu digute. Euskal Herria euskalduntzeko bide ezin garrantzitsuagoa dugu Mintzalagun. Ondo baino hobeto erakutsi digute ondoko herritarrok.
“Erabiltzea da helburua”
Añorgan bizi da Ana de Bernardo. Hezkuntza berezian lan egiten du. Boga izeneko Internet bidezko metodoa baliatu zuen euskara ikasteko. Ez du euskal giroak inguratzen, eta ez zuen ikasitakoa ahazterik nahi. “Usurbilen giro euskaldunagoa izango zela pentsatu nuen”, eta hala, udalerri honetan hasi zen euskararen mintzapraktikan bi herritarrekin, Joserra Vitorica eta Iñaki Aizpuruarekin.
Ikasturte bat daramate, astero biltzen, kafetegian mahai baten bueltan, gustura asko. Gramatikalki jasotako prestakuntzaren ostean, egun “nahiago dut hitz egin. Soltura hartu, lotsa galdu” dio Anak. Prozesu guztietan ohikoak diren gorabeherak izan dituela dio. Euskaltegietan ikasitakoa oso garrantzitsutzat jotzen du, baina kalean erabili ahal izatea da bere erronka. “Erabiltzea da helburua. Azkenean gure hizkuntza da”, dio.
Sarritan jauzi handia suposatzen duen horretarako oso lagungarria deritzo Mintzalagun egitasmoa. Kalean euskara ahotan hartzeko euskaraz dakigunon jarrera giltzarritzat jotzen du. “Euskaldun zaharrek laguntzen digute. Erosketak egiterakoan, euskaraz hitz egiten jarraitzen dute. Niri horrek hobetzen laguntzen dit”, nabarmentzen du Anak. Gogorarazi digunez, euskaraz dakigunok dugu haiek ezinbestekoa duten tresna. “Asko laguntzen digute, agian esfortzu handia egin behar dute. Baina onuragarria da haientzat ere”, irizten dio Anak. Mintzalagunera animatzen ditu herritarrak, “ez alboratu euskara. Erabili”.
“Ondo edo gaizki, baina hitz egin”
Anak talde kide du Joserra Vitorica. Langabezian egonda, zuen denbora librea baliatu zuen Mintzalagunen hasteko. Euskara lehendik ikasia zuen, baina “erdi galdua” jada bere esanetan. Eta erabili egin nahi zuen, euskara ondo ulertzen baitu baina “asko kostatzen zait hitz egitea”. Horregatik hasi zen Mintzalagunen iazko ikasturtean. “Ondo edo gaizki, baina hitz egin” nahi zuelako, euskara erabili nahi duelako.
Iñaki eta Anarekin izaten duen asteroko lagun arteko solasaldien eragina nabari du jada. Hasieran urduri sentitzen zen “ia nola hitz egingo nuen”. Orain lasaiago aritzen dela, konfiantza handiagoz adierazi digu. “Azarotik hona gehiago erabiltzen dut euskara jendearekin. Asko irabazi dut. Prozesu aberatsa izan da, jendaurrean euskaraz hitz egiteko animu handiagoa dut. Oso pozik nago”, adierazi digu Joserrak. Hobeto hitz egitea da bere helburua, gaizki hitz egiteak sortzen dion lotsa alboratzea. “Ia laguntzarekin hobeto hitz egitea lortzen dudan”. Ikasitakoa ingurukoekin partekatzen du jada.
“Bi aldeek ikasten dute”
Taldeko bidelaguna edo euskaldun “zaharra” dugu Iñaki Aizpurua. Euskararen erabileraren sustapena praktikara eramatea ahalbidetzen duten bi esperientziatan murgildua dabil usurbildarra. Batetik, Mintzanet egitasmoan. Skype bidez, Durango eta Sopelako lagun banarekin aritu da azken urtean mintzapraktikan. Aurrez adosten dute hitzordua eta sarea baliatzen dute komunikatzeko.
Bakoitzarekin ordubete aritzen da. Eta gero Mintzalaguneko hitzordua izaten du astero Ana eta Joserrarekin. Kasu honetan gaiak naturalago sortzen direla dio, eta errazagoa dela bi lagunekin aritzea, batekin baino. Baina garrantzitsuena, “hizketan jardutea da” nabarmentzen du, euskaraz aritzea, eta ikusezina izan arren, hor dagoen lotsaren edo beldurren “hesi hori haustea. Nik uste horretan izan behar dugu lagungarri”. Prozesu hori naturaltasunez lantzeko beharra nabarmentzen du. “Ez dago euskara txarrik. Euskara txarra hitz egiten ez dena da”, gogorarazten du Iñakik.
Aberasgarritzat jotzen duen esperientzia honetan parte hartzera animatzen du. “Bi aldeek ikasten dute”, gogorarazten du. Eman baino jaso egiten dela nabarmentzen du. “Azkenean beste pertsona bat integratzen dugu hizkuntza komunitatean”, gogorarazten du, lagun berriak egitearekin batera. Honako erronka hau betetzea ahalbidetzen duela dio gainera: “Denok kontziente bagara hizkuntza batek egiten duela herria, komunikatzeko balio duela eta gure agertzeko modua gure hizkuntza bada guk hala ulertzen dugulako, bestea horren parte egitea”.
“Oso berritsua naiz erdaraz, euskaraz ere hala izan nahi dut”
Ana, Joserra eta Iñakiren antzera dabiltza Maria Jesus del Pico eta Kristina Palomero ere. Kristina Artzabal jatetxean ari da lanean. Donostiarra da bera eta dioenez Usurbilen bakarrik aritzen da euskaraz. Lanean euskara zuzen erabiltzen ikasi nahi du. “Mugatua nago. Bezeroekin hitz egiterakoan gauza asko galtzen dut”, dio. Argi du aurrera begirako erronka. “Nire lantokian, jatetxean jendearekin hitz egin nahi dut. Oso berritsua naiz baina erdaraz, euskaraz ere hala izan nahi dut”, dio.
Kosta arren, euskaraz aritzeko ahalegin betean dabil. “Gutxi aurreratu dut, baina pixkanaka hobetzen noa”, dio. Artzabalen lanean hasi eta gutxira hasi zen Mintzalagunen parte hartzen, uda aurretik. Bidelaguna du Maria Jesus del Pico herritarra. Oso gustura dabil, eta nabarmentzen duenez, “Mintzalagunek askorako balio du”.
Iritzi berekoa da Maria Jesus ere eta oso ondo ezagutu eta ulertzen du Kristinaren errealitatea. Ikusi bestela bere burua nola aurkeztu digun. “Aspaldiko euskaldun berria naiz”, adierazi dio NOAUA!ri.
Euskararen erabileraren alde zerbait egin nahiak erakarri du Mintzalagun egitasmora. Argi baitio, “euskaldun berriaren prozesua ez da amaitzen euskara ikasita. Ikastea ez da aski. Irakurri, erabili, euskal kulturan parte hartu behar da. Niri ere euskal kulturak ireki dit bidea”. Berak egunerokoan egin ohi duen moduan. Beretzat euskara ikasi eta beste norbait ikasten laguntzea helburu bat eta bera da. “Euskal hiztunak geroz eta gehiago badira, normalizazioa hurbilago dago”. Eta horixe da hain zuzen bere helburua, bai euskara ikasi zuenean, eta baita orain euskara ikasten laguntzen ari den honetan ere.
Erraz elkar komunikatzen direla diote. Kristinak dioenez, “euskaraz oso poliki hitz egiten dit, neuretzat oso ondo”. Del Picok adierazi digunez, tarte atsegina igarotzen du Kristinarekin, “gauza piloaz hitz egiten dugu. Nortasun aldetik ondo gatoz biak. “Euskara barruan du. Neure helburua da berak euskara askatu eta ondo erabiltzea”.
Euskaldun zaharrentzako mezua
Bera bezala, euskaldun “zaharrak” animatzen ditu Mintzalagunen parte hartzera. “Egongo dira asko euskara oso ondo dakitenak eta Mintzalagun izateko alfabetatuak egon behar direla edo norbaiti euskara ikasten laguntzeko balio ez dutela pentsatzen dutenak. Baina euskara jatorra haiek dute. Haiei esker dugu herriko euskara. Euskararen alde zerbait egin nahi badute, Mintzalagun izateko oso gai dira”, adierazi du Del Picok.