Pil-pilean dagoen Kataluniako auziari tartea egingo dio Usurbilgo Udalak, irailaren 26rako iragarria duen hileroko osoko ohiko bilkuran. "Usurbilgo Udala Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat. Independentzia" izeneko mozioa aurkeztu, bozkatu eta ezustekorik ez bada behintzat onartu ere egingo du udalbatzak datorren astearteko saioan.
Erabaki gehiago ere hartuko dituzte udal ordezkariek. Udalak irailaren 27an 18:00etan Artzabalen aurkeztuko duen Eguneko Arreta Zerbitzu berriaren arautegia behin behinean onartu asmo dute. Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioei lotutako bi neurri ere hartzekoa da Udala; bat, Zumarte Musika Eskolaren eraikinaren inguruneari eragingo diona. Bestea, Testu Bateginari lotutakoa. Hilerri berriko hilobi lote berri bat ere esleituko dute.
Eta bi hitzarmen bozkatu; bat Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren artekoa, informazio edo administrazio mailakoa; eta Udala eta Izenpe SAren artekoa bestea, "Udal honek erregistroko erakunde gisa jardun dezan":
Iraileko osoko ohiko bilkura
Eguna: irailak 26, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1- Aurreko bilkurako aktaren onespena: * 2017/07/26ko bilkura.
2-Alkatetzako Dekretu hauen berri ematea: uztailaren 17tik irailaren 15era (2017/0757-2017/0960).
3-2017/0791 Dekretuaren berri ematea.
4-Usurbilgo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea, Informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko.
5-Usurbilgo Udalaren eta Izenpe SAren arteko lankidetza hitzarmena, Udal honek Erregistroko erakunde gisa jardun dezan, herritarren identifikaziorako eta sinadurarako bitarteko elektronikoak ematerako orduan.
6-Udalak hilerri berrian eskainitako hilobien gaineko eskubideak esleitzea (9. lotea).
7-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGERC-2 (Rezustaenea) Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa hasieraz onartzea.
8-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Testu Bateginaren 02 Aldaketa Puntualaren dokumentu osatua onartzea.
9-Eguneko Arreta zerbitzuaren arautegia behin behineko izaeraz onartzea.
10-Mozioa: Usurbilgo Udala Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat. Independentzia.
11- Galdera-eskaerak.