Katalunian pairatzen ari diren egoera bidegabearen aurrean anitzak izaten ari dira orduotan, han eta hemen deituak dauden mobilizazioak. Kataluniatik kanpo Euskal Herrian hainbat udalerrietan deitu ziren atzo arratsaldean, katalanei babesa adierazteko mobilizazioak, baita Usurbilen ere. EHBilduk eguerdian urgentziaz egindako deialdiari erantzunez, elkarretaratze jendetsua egin zuten Mikel Laboa plazan. Pankartako aldarriak ezin egokiago laburbiltzen zuen estelada artean aldarrikaturikoa; "Catalunyarekin bat, demokraziarekin bat" egin zuten usurbildarrek.
Adierazpen irakurketarekin eta txalo artean amaitu duten elkarretaratzearen bidez, azken asteotako eta modu berezian azken orduotan Katalunian izandako gertakariak, "urriaren 1eko erreferenduma kosta ahala kosta eragozteko Espainiako Gobernuak Katalunian abian duen jazarpen, politikoa, judiziala, poliziala eta mediatikoa ozen salatzeko, Kataluniako herriari gure babesa, miresmena eta elkartasuna adieraztearekin batera".
Kataluniako herriari, urriaren 1eko erreferendumari eta katalanen zein euskaldunon erabakitze eskubideari babesa adierazi diote herritarrek.
Atxiloketak eta miaketak
Azken asteotan, hainbat inprenta edo hedabideetan egin dituzte miaketak, urriaren 1eko erreferendumeko bozka paper, kartel edota dokumentazioa errekisatzeko. Kataluniako 700 alkatetik gora deitu dituzte deklaratzera aipatu erreferenduma babesteagatik. Atzokoan urrats berri bat eman zuten; Guardia Zibilak gutxienez 14 lagun atxilotu (tartean Generalitateko goi kargudunak) eta 22 miaketa egin zituen. Atxilotuen artean daude:
-Josep Maria Jove eta Lluis Salvado Ekonomia eta Ogasun idazkariak.
-Josue Sallent Rivas Informazio Teknologien eta Telekomunikazioen Zentroko arduraduna (CCTI, katalanez).
-Xavier Puig Farre Gizarte Gaien Bulegoko kidea, Pau Furriol eta Mercedes Martinez (erreferendumerako materiala ei duen industria-nabe bateko arduradunak).
-David Franco Martos (CTTIko idea).
-David Palancad Serrano Atzerri Gaietarako Bulegoko kidea.
-Juan Manuel Gomez Ekonomia Kontseilaritzako kidea.
-Jordi Graells Herritarrarentzako Arreta Zerbitzuko zuzendari eta U-1eko boto elektronikoaren arduraduna.
-Jordi Puignero CCTIko presidentea.
-Fundacio.cat webguneko langile bat.
Atxiloketokin batera, Espainiako Polizia CUP-en egoitzan sartu zen. Guardia Zibila aldiz, Generalitateko lau egoitzatan: Presidenteordetza, Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzaren egoitzan, Atzerri Gaietarako Kontseilaritzaren egoitzan, Gobernazio eta Herri Lanen Kontseilaritzaren egoitzan eta Lan eta Gizarte Gaien Kontseilaritzaren egoitzan.
ELKARRETARATZEKO ADIERAZPENA