Duela bi urte Usurbilen izan genuen, iaz Bergaran. Aurten, ohi baino astebete lehenago, igande honetan irailaren 24an ospatuko da Gipuzkoako ikastolen jai Oñatin. Oraingoan, “Lekaixoka!” (deiadarra) aldarripean. Bildutako laguntza bertako Txantxiku ikastolara bideratuko dute. Denetariko ekitaldiak iragarri dituzte egun osoz, lau gune ezberdinen bueltan osatu ahalko den ibilbidean zehar. Udarregi Ikastolatik ere igande goizeko 09:00etan Oiardo Kiroldegi paretik abiatuko den autobus zerbitzua antolatu dute.
"Lekaixoka!"
Aldarri hau hautatu dute aurtengo Kilometroak ediziorako. Honela argitu dute zergatia antolatzaileek: "Lekaixo berbak, oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan gura du. Aspaldiko euskaldunek erabiltzen zuten deia, irrintzia eta oñatiarrez lekaixua, abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko. Oinarrian, gure arbasoengandik jaso dugun herri ohitura, irrintzi, doinu eta berbaren komunikatzaile berriak gara.
Lekaixoka berbaren oinarrian, auzolanaren ideia dago. Hortik, auzolanetik sortu eta sortzen garelako, Txantxiku Ikastola bera ere orain dela 50 urte auzolanetik sortu eta hazi delako. Horregatik, auzolana da Kilometroak jaiaren oinarria".
Helburuak
"Aurtengo Kilometroak jaiak honako helburuak ditu ardatz, Ikastolok sortzetik oinarrian zeudenak eta gaur egungo gizarteari erantzuteko oraindik beharrezko direnak:
- AUZOLANA, balore baikor bezala. Hezkuntza komunitate barruan egingo dugun elkarlanetik abiatuta, herriko, Debagoiena bailarako eta Gipuzkoa osoko eragileekin lankidetza lortzea helburu eta denon partaidetzaz gure hizkuntzaren eta herriaren alde egitea.
- IREKIA, beste gizarte, ideia eta ohituretara irekia. Euskararen mundu txikitik kanpora ireki, zabaldu, beste komunitate eta hizkuntza desberdinak dituzten talde desberdinetara, ingurukoak nahiz munduan urruti geratzen zaizkigunak.
- PAREKIDETASUNA eta ANIZTASUNARI errespetua. Denok ezberdinak gara, hala ere, denok modu duin batez bizitzeko eta tratatuta izateko eskubide berdinak ditugu. Gure plan pedagogikoan aniztasunaren kudeaketa eguneroko lerro nagusia den bezala, gure jaian ezinbesteko baloreak dira bi hauek. Denok eskubide berdinak ditugu jaiaz modu libre batez gozatzeko.
- Mundu MODERNO eta AURRERAKOIAri begira.
- Mundu aurrerakoian gure tokitxoa badugu ere, teknologia berriak eta zientzia ikerketara irekiak gaude.
- Garapen hori IKUSPEGI JASANGARRIAREN ildotik behar du. Gure ondare naturalarekiko begirunez eta haren hobekuntzarako jarrera aktiboarekin jokatzen dugu.
- Kultura esparru desberdinetan gure herrian maila txukuneko lanak ditugula eskaintzeko erakutsiz".
Informazio gehiago: kilometroak.eus