Orbeldi partaide duen "Dantza" filma proiektatuko dute, abiatzear den Donostiako Zinemaldian

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 11:49

Irailaren 22tik 30era ospatuko den Donostiako 65. Zinemaldiak dakartzan berrikuntzen artean, oraingoan "Glocal in Progress" izeneko ekimen berri bat antolatu dute estreinakoaz, irailaren 25etik 27ra. Tarte honetan, oraindik amaitzeke, postprodukzio-fasean dauden hiru film erakutsiko zaizkie, zinema industria munduan murgilduak dauden, besteak beste, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente, programatzaile eta abarri, proiektuok amaitu eta nazioartean banatzen lagundu dezaten. "Industriaren jarduera honen helburua da hizkuntza ez-hegemonikoetan dauden Europako produkzioei ikusgaitasun handiagoa ematea (hau da, alemanez, espainieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz edo errusieraz filmatu ez diren filmei)", antolatzaileen esanetan.

Hala, eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz ekoizten ari diren film bana dira, estreinakoz ekimen berri honetan proiektatzeko hautatu dituztenak. Euskarakoa, Telmo Esnalek zuzenduriko "Dantza" dugu. 

Orbeldikoak, "Dantza" filmaren grabazioetan

Euskal dantza tradizionalak ikuspuntu berritzailetik, doinu, estetetika eta koreografia berriekin islatuko ditu, "Dantza", Telmo Esnal zarauztarra, Koldobika Jauregi artistarekin eta gai honi buruzko ikertzaile Juan Antonio Urbeltzekin batera, azken lau urteotan lantzen ari diren proiektuak. Esnalek aspalditik nahi zuen grabatu, dantza erdigunean jarriko zuen ikus-entzunezko lan bat. Zinegileaz gain, dantzaria ere bai baita zarauztarra.

Hemen dugu albiste honek Usurbilekin duen lotura. 2017an zehar film honen hainbat eszena grabatzen aritu dira Euskal Herriko hainbat txokoetan, dantza talde ezberdinekin. Maiatzean, Leitzan (Nafarroa) izandako grabazioetan parte hartu zuten Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldeko kideek Añorgako Arkaitz dantza taldekoekin, beste hainbat talderekin batera. Proiektu honetan guztira, 8-82 urte arteko 250 agertuko dira. Besteak beste, Donostia, Iruñea, Eibar, Elgoibar, Deba, Añorga, Beasain, Zarautz, Portugalete, Gasteiz, Andoain, Baigorri, Astigarraga, Mallabia... udalerri guztiotako eta gehiagotako dantzariak.

Leitzako grabazioan bertan atera zuten Orbeldikoek ateratako talde argazkia duzue ondokoa. "Dantza" filma, 2018an estreinatzea aurreikusten dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, urtebete barru ikusi ahalko dugun ikus-entzunezkoaren aurrerapentxo bat.

Irudia: Orbeldi D.T.

Informazio gehiago: https://www.sansebastianfestival.com/eu/