Eskola jazarpenari ikusten diozuen moduan, elkarrekin dantzan eta abesten, lagun arte giro ederrean aurre egin daitekeela erakutsi dute gaur eguerdian, Udarregi Ikastolako HH eta LH zikloetako ikasleek. "Ikastolan nahi dugu bizi atseginez" desio hori aldarrikatu dute kantatuz. Modu honetan adierazi nahi izan dute, urte hasieratik abian duten Kiva eskola jazarpenari aurre egiteko egitasmo garrantzitsu eta ezinbestekoa lantzen segiko dutela datozen hilabeteotan ere ikastolan. Gogoan izan, egitasmo hau jorratzen ari den ikastola sarean dela Udarregi.
Eskola jazarpenaren aurkako abestia, Juanjo Respaldaren bertsoetan dago oinarritua. Xabi Solanok jarri dio musika. Honela dio:
Zer da ba gozatzea
bestearen minez
ezin gara isildu
guztia jakinez
gauzak garbi esanda
ta aurre eginez
bideratuko dugu
erantzukizunez
Ikastolan nahi dugu
bizi atseginez.
Eguneroko mina
min handiegia
taldea, gu, babesa,
laguntza, begia…
Kivak aberastu du
gure hiztegia
ezin da ezkutuan
geratu egia
irribarrea bedi
denon aurpegia.
https://youtu.be/1VO4mZA_-nM
http://www.noaua.eus/2017/01/12/udarregi-ikastola-ere-kiva-programan/
KiVa programaren ardatzak
-Definizioa: “KiVa bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa berritzailea da, jazarpenari eta haren mekanismoei buruzko punta-puntako ikerketak baliatuz garatu dena”.
-Jazarpen kasua izateko bete beharreko 3 baldintzak: nahita egindakoa, errepikakorra izatea eta botere erlazioa egotea.
-Jazarpen motak: ahozkoa, zeharkakoa (bazterketa, zurrumurruak), fisikoa, ziberjazarpena.
-KiVa-ren lan ardatz nagusiak: prebentzioa, esku-hartzea eta jarraipena.
-Helburu nagusiak: jazarpen kasuak murriztea; eragoztea; eragindako ondorioak apaltzea.
-Jazarpen kasuei aurre egiteko KIVA taldea osatu du Udarregi Ikastolak, LH eta DBHko hezitzaileekin.
-Ikasle, irakasle nahiz gurasoentzako baliabideak eskaintzen ditu KiVak. Tartean gurasoentzako gida, ikasgeletan lantzeko materiala, KiVa ikastola dela ikusgarri egiten duten petoak…
-Emaitza onak izan ditu:
Guztiz desagertutako kasuak: %78,2. Gutxituak: %19,5. Mantendu direnak: %2,1. Gehitu diren kasuak: %0,3. KiVak dakartzan ondorio positibo gehiago: eskola barruko giroa hobetzea, besteei laguntzea ohiko bihurtzea, gelan gustura sentitzea, ikasteko motibazio handiagoa.
-KIVA programak martxan jarri dituzten herrialdeak: Italia, Herbehereak, Erresuma Batua. Euskal Herrian 52 ikastoletan martxan (tartean Udarregi Ikastolan).
-Programa saritua: 2009an Krimena Prebenitzeko Europako Saria jaso zuen, Artikulu Onenaren Gizarte Politikako Saria 2012an eta lau Sari Nazional 2008, 2010, 2011 eta 2012an.
Fenomeno global eta larria
-Ikasleen %10ak jasan dute edo jasango dute bullyinga.
-Ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile eta %7 haien laguntzaile.
-Ikusle edo lekukoen %20a erasotzailearen alde agertzen dira (Laguntzaileak batuta, %27), %17 biktimaren alde.
-%34a ez da ohartzen eskola jazarpenaz.
Iturria: Ikastolen Elkartea.
Informazio gehiago: http://www.kivaprogram.net/basque
http://www.noaua.eus/aldizkaria/?magazine=667