Esteladak, ikurriñak eta kartelak eskuetan dituzten Usurbilgo gazteok ere bat egin dute eguerdian, hilabete hasieratik Ernai gazte erakundeak abian duen dinamikarekin. Kataluniaren antzera, Euskal Herri askea izateko baimenik ez dela eskatu behar aldarrikatu dute, bi herrion independentziaren alde agertzearekin batera. Katalunia eta Euskal Herri askeak nahi dituztela adierazteko kalera irtengo dira datorren ostegunean, irailaren 28an. "Baimenik ez! Aske izateko" Ernairen dinamika honen baitan, manifestazio bana deitu du gazte erakundeak hiriburuetan. Donostiakoa ostegun eguerdiko 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.
"Ernaiko militanteok herri honen askatasunaren historia idazteko gure konpromisoa berresten dugu eta bide horretan gure ekarpena egiteko dinamika abiatzera goaz. Irailaren 28an kalera irteteko eguna jarri dugu gazteok. Baimenik eskatu gabe aske izan nahi dugula aldarrikatzeko eguna. Ez dugu baimenik eskatuko historia idazteko, ez dugu baimenik eskatuko oraina eraikitzeko, ez dugu baimenik eskatuko libre bizitzeko. Bizitzea hori baita: posizionatzea. Atzo CUPek adierazi bezala: ara comença el mambo! Dei egiten diogu Euskal Herriko gazteriari irailaren 28an kalera irten eta Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna aldarrikatzera. Baimenik ez, aske izateko. Euskal Herriak independentzia!".
Gehiengo sindikalaren mobilizazioak
Irailaren 28an ere Kataluniako erreferenduma eta jorratzen ari diren prozesua bera babesteko mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak alegia. Donostiakoa goizeko 11:00etan Alderdi Ederren.
https://youtu.be/YiL1p55sy18