Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña Usurbila dator asteazkenean

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 25a, 11:27

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña Usurbilera etorriko da asteazken honetan, irailaren 27an. Usurbilgo Udalean harrera egingo diote lehenik, eta segidan, “Usurbilgo jubilatuen errealitatea zein den ezagutzeko aukera izango du udal ordezkari eta teknikariekin egingo duen ibilaldian”, Udalak ohar bidez jakitera eman duenez. Puntapaxeko Eguneko Zentroa eta Artzabal bisitatuko dituzte. Bi guneon bueltan sortu diren eskaerak helaraziko zaizkio foru diputatuari, Eguneko Zentroko asteburuko plaza kopurua handitzea eskatua baitio Udalak. Herriko jubilatuek bestalde, Zahar Egoitza bat izatearen alde azken hilabeteotan bildutako sinaduren emaitzak aurkeztuko dizkiote Peñari bilera batean.