Mendetasun arriskua edo gradu txikia duten usurbildarrei zuzenduriko zerbitzu berria abiatzera doa Usurbilgo Udala; Eguneko Arreta Zerbitzua. “Helburua argia da: mendetasun arriskuan edo mendetasun egoeran dauden usurbildarrei autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea, behar izanez gero isolamendu egoerak konpentsatuz”, ohartarazi du Udalak.
Zerbitzu honi buruzko zehaztasunak Udalak asteazkenerako, irailaren 27an 18:00etan Artzabalgo ekitaldi aretoan deitu duen ekitaldian azalduko ditu. Hitzordua erabiltzaile potentzialei eta haien senideei zuzendua egongo da. Udalak aurreratu duenez, "zerbitzua Artzabalen garatuko da, eta bertan erabiltzaileek ekintza zein ariketa ezberdinak egingo dituzte beren gaitasunen arabera. Gainera, aipatutako pertsonak beren ohiko bizitokian egon ahal izatea ahalbidetu eta beren sozializazioa bermatzen saiatuko da, izan daitezkeen isolamendu egoerak leunduz".
Aurretik, Usurbilgo Udalak biharko (irailak 26) 18:00etan deitua duen osoko bilkuran onartzekoa dute zerbitzu berri honen arautegia.
Iraileko osoko ohiko bilkura
Eguna: irailak 26, asteartea.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai zerrenda:
1- Aurreko bilkurako aktaren onespena: * 2017/07/26ko bilkura.
2-Alkatetzako Dekretu hauen berri ematea: uztailaren 17tik irailaren 15era (2017/0757-2017/0960).
3-2017/0791 Dekretuaren berri ematea.
4-Usurbilgo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmena onartzea, Informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko.
5-Usurbilgo Udalaren eta Izenpe SAren arteko lankidetza hitzarmena, Udal honek Erregistroko erakunde gisa jardun dezan, herritarren identifikaziorako eta sinadurarako bitarteko elektronikoak ematerako orduan.
6-Udalak hilerri berrian eskainitako hilobien gaineko eskubideak esleitzea (9. lotea).
7-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGERC-2 (Rezustaenea) Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa hasieraz onartzea.
8-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Testu Bateginaren 02 Aldaketa Puntualaren dokumentu osatua onartzea.
9-Eguneko Arreta zerbitzuaren arautegia behin behineko izaeraz onartzea.
10-Mozioa: Usurbilgo Udala Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat. Independentzia.
11- Galdera-eskaerak.
Aztikerren ikerketa
Gizartea zaharkitzen doakigula begi bistakoa da. 6.200 biztanle pasatxotik, 65 urte edo gehiagoko 1.141 bizilagun ditu Usurbilek. Etorkizunean kopuru hau are gehiago hazi daiteke, honenbestez baliabide gehiago bideratu beharko dira adin tarte honetako herritarrentzat.
Usurbilgo Udala, aurrera begira sor daitezkeen beharrei aurre hartzen hasia da. Adin tarte honetako herritarrei eskaini beharreko zerbitzuen lanketa betean da. Eguneko Arreta Zerbitzuaren abiatzea horren adibideetako bat dugu. Baina honez gain, Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzaz, adin tarte horretan diren herritarrengana jo dute zuzenean. Haien errealitatea eta dituzten beharrak ikertu nahi izan dituzte. Egoera fisikoaz, aisialdiaz, etxekide eta inguru sozio-afektiboaz eta Udalak herritarroi eskaintzen dizkien zerbitzuez galdetu diete Aztikerreko inkestatzaileek.
Ikerketako ondorioak kontuan izanda, “adinekoei beren etxe inguruan, Usurbilen, ahalik eta modu egokienean zaintzea da udaletik daukagun ardura, eta bide horretatik jarraituko dugu”, ohartarazi du Usurbilgo Udalak.
Honatx Aztikerreko ikerketaren emaitzen berri sakonago: 65 urtetik gorako usurbildarren erradiografia