Katalunia babesteko mobilizazio eta deialdiez jositako astea

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 25a, 14:30

Kataluniako erreferendumerako sei egun baino ez dira geratzen jada. Urriko lehen eguna gerturatu ahala eta azken asteotan Kataluniako herria pairatzen ari den gertakarien harira, gehitzen doaz atxikimendu eta mobilizazioak. Azken egunotan Usurbilen, batetik, Katalunia eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko gazte argazkia atera zuten larunbatean hainbat usurbildarrek, Ernai gazte erakundeak deituta. Modu honetan, Ernaik hilabete hasieratik abian duen "Baimenik ez! Aske izateko" dinamikaren baitan ostegunerako (irailak 28) deituak dituen manifestazioekiko atxikimendua adierazi eta gazteria kalera ateratzera deitu zuen.

Irailaren 20an bestalde, elkarretaratze jendetsua egin zen Mikel Laboa plazan, Katalunian izandako atxiloketen harira EHBilduk urgentziaz eginiko deialdiari erantzunez, Kataluniarekin eta demokraziarekin bat egiteko. Usurbildarrek ere irailaren 16an Gure Esku Dago mugimenduak Bilbon deitutako manifestazioan parte hartu zuten.

Gazteria, langileria, udal hautetsiak... kalera

Horiek aurreko astean Usurbilen izandako mobilizazioak. Egunotarako Katalunia babesteko hitzordu gehiago antolatzen ari dira. Hautetsien agerraldi jendetsua iragarri du Udalbiltzak, astelehen honetarako, irailak 25, arratsaldeko 19:00etan Donostiako Miramar jauregiko lorategietan. "Kataluniak eta kataluniarrek behar dutelako ez hutsik egin!", adierazi dute sare sozialen bidez. "Katalanek alboan behar gaituzte", adierazi dute Twitter bidez. Gogoan izan, Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrean da Usurbilgo Udala. Eta egun, zinegotzietako bat, Alaitz Aizpurua, erakundeko lehendakari ordea, Gipuzkoako Batzorde eragileko kide izateaz gain.

Usurbila itzulita, Udalaren astearteko osoko bilkuran Kataluniarekin bat egingo duen mozioa aurkeztuko du EHBilduk, udalbatzak bozkatu eta onartu dezan. Hitzordu bikoitza ostegunerako: euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan, eta Ernai gazte erakundeak manifestazioak. 

EITB-k  larunbat iluntzean aurreratu zuenez bestalde, "Katalunia bizitzen ari den egoera larrriaren aurrean" Gure Esku Dago mugimendua manifestazioa antolatzen ari da, eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera larunbat honetan, irailaren 30ean. Erreferendum bezperarako  beraz, eta irailaren 16an Bilbon antolaturiko manifestazio jendetsutik bi astera. Gogoan izan ohar bidez, datozen deialdiei adi egoteko gonbita luzatu zuela erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak duela egun gutxi. Irailaren 30eko mobilizazioari buruzko zehaztasun gehiago eskainiko omen ditu Gure Esku Dagok egunotan. Usurbilgo lan taldea adi dago jada.

Datozen deialdiak

-Irailak 25, astelehena: 19:00 Udalbiltzako hautetsien agerraldi masiboa Donostiako Miramar jauregiko lorategietan.

-Irailak 26, asteartea: 18:00 "Usurbilgo Udala Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat. Independentzia" mozioa aurkeztu eta bozkatuko da Usurbilgo Udalaren osoko bilkuran.

-Irailak 28, osteguna:

11:00 Gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzea Donostiako Alderdi Ederren.

12:00 Ernaik deitutako manifestazioa Donostiako Bulebarretik.

-Irailak 30, larunbata: Gure Esku Dago mugimenduak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin deitutako manifestazioa.