Euskararen erabilera sustatzeko aisialdiko bi ekimen gazteentzat

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 25a, 12:18

Gazteek euskararekin eta euskaraz jolastu, gozatu eta ahalduntzea dute helburu, datozen hilabeteei begira antolatu diren ekimenok. Batetik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) gazte topaketak antolatu ditu urrirako Orion. Bestetik, euskararen ginkana Kutxa Ekoguneak. Aurten estreinakoz Buruntzaldea mailan lehiatu ahalko dute gazteek. Hona hemen, bi ekimenon nondik norakoen berri:

Euskararen ginkana Buruntzaldean

Kutxa Ekogunearen ekimenak, euskararekin eta euskaraz gozatzea du helburu. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izaten dituzte talde lehiakideek ginkana honetan. Euskal Herri mailako seigarren edizioa ospatuko da urtarriletik aurrera. Haren arrakasta ikusita, eskualde mailakoak ere hasi ziren antolatzen 2015ean, euskaraz jolastuz, herri eta eskualdeetako herritarren eta taldeen artean hizkuntzarekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilpena sustatatzeko.

Aurten lehen aldiz Buruntzaldea mailakoa antolatu dute. Eskualdean bizi edo ikasi dutenen 12-16 urteko lauko taldeek parte hartu ahalko dute. Bi fase izango ditu txapelketak: internet bidezko probak lehenik urriaren 23tik azaroaren 19ra eta hor puntuazio gehien batutako lau taldeak final handian lehiatuko dira abenduaren 1ean. Finalisten artean 1.200 euro banatuko dituzte saritan. Izen ematea urriaren 3tik 22ra bideratu ahalko da, euskararenginkana.eus atarian. Bertan dituzue xehetasun gehiago.

Udalerri euskaldunetako gazte topaketak

Eskolatik kanpo, hezkuntza ez arautura jauzi egin nahi du udazken honetan, besteren artean Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Hezkuntza ez arautuan eragiteko Salto! udalerri euskaldunetako 15-18 urte artekoentzako Gazte Topaketak antolatu ditu urriaren 20tik 22ra, Orioko Itxaspe baserrian. Hiru egunotan, hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute: hondartzara txangoa, kantaldiak eta kontzertuak terrazan, jolasak, solasak, bisita sorpresak… “gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko. Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi da”.

Udalak euskaldundu arren, udalerriak erdalduntzen ari direla jabetuta, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abiatu zuen UEMAk duela bi urte. Aurreko ikasturtean, UEMAko kide diren udalerrietako ikastetxeetako ikasleekin elkarlanean jardun da erakundea. "Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain. Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian" antolatu dituzte urriko Salto! Gazte Topaketak.

"Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburuetako bat, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin". 

Izen ematea (urriaren 9ra arte) eta argibide gehiago:

943 816 699

uema.eus

hezkuntza@uema.eus 

Enparan kalea 1, 2a, 20730 Azpeitia, Gipuzkoa.

Prezioa: 30 euro.