Autobus zerbitzua Usurbildik, Gure Esku Dagoren larunbateko manifestaziora joateko

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 27a, 15:36

Bi asteko tartean, Kataluniako erreferenduma babesteko bigarrenez manifestatzera deitzen ditu herritarrak Gure Esku Dago mugimenduak, larunbat honetan, irailaren 30ean Bilbon. Katalunian "de facto" salbuespen egoera "guztiz larria" ezarri duten honetan, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte berriz Bizkaiko hiriburuan, larunbat arratsaldeko 17:30etan "Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna" aldarripean.

Kataluniako autonomia kolokan dagoela eta eskubide zibil eta politikoak, baita askatasun demokratikoak ere urratzen ari direla salatu zuten atzo Zelai Nikolasek eta Angel Oiarbidek, manifestazioari babesa agertu dioten zenbait eragileetako ordezkariekin batera Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuten agerraldian.

Manifestazioa babestu dutenen artean dira, EHBildu, EAJ, Independentistak eta ANC-Euskal Herria. Datozen egunotan mobilizazioarekin bat egingo dutenak gehiago izango direla iragarri du Gure Esku Dagok. Beharrezkotzat jotzen dute une garrantzitsu honetan, Kataluniako herriaren alboan egotea.

Kasillatik abiatuko den manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Larunbat arratsaldeko 15:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi paretik. Irailaren 29ra arteko epea dago izen emateko, Patri, Aitzaga, Artzabal, Zubietako Alamandegin, Aginaga eta Santueneko zahar egoitzetan.