Araudia hasieraz onartuta, gaur aurkeztuko du Udalak Eguneko Arreta Zerbitzu berria

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 27a, 10:41

Asteazken arratsalde honetan (irailak 27) 18:00etan Artzabalen. Bertan, Eguneko Arreta Zerbitzu berri honen inguruko xehetasunak eskainiko ditu Usurbilgo Udalak. Hitzordua bereziki, zerbitzu honen erabiltzaile izan daitezkeenei eta haien senideei zuzendua egongo da.

Eguneko Arreta Zerbitzu berri honen kudeaketa eredua eta funtzionatzeko modua zehazten duen araudia hasieraz eta aho batez onartu zuen udalbatzak atzo egin zuten udal osoko bilkuran. Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita 30 egunez ikusgai jarriko dute jendaurrean, "interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ditzaten". Tarte horretan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betiko onartutzat joko da.

Araudi honen inguruan gizarte ongizatzeko zinegotzi Jone Urdanpilletak atzoko osoko bilkuran zioenez, asteotan zerbitzu honen erabiltzaile potentzialak izan daitezkeenak identifikatu nahi dituzte. Eguneko Arreta Zerbitzua azaroa aldera jarri asmo dute martxan.

EGUNEKO ARRETA ZERBITZU BERRIA

Helburua

"Mendetasun-arriskuan edo mendetasun egoeran dauden adinekoei autonomiari eusten laguntzea eta ohiko bizi-ingurunean jarraitzen eta gizarteratzen laguntzea, isolamendu-egoerak konpentsatuz, behar izanez gero".

Hartzaileak

-Mendetasun-arriskuan edo mendetasun-egoeran dauden 65 urtetik gorako adinekoak dira.

-Usurbilen erroldatuak.

-Pertsonak duen arreta pertsonalizatutako planak eguneko arreta bezalako zerbitzuak dituen beharrei erantzuten dela ikusten dienean, gizarte-zerbitzuen onespenarekin.

Zerbitzuaren ezaugarri nagusiak

-Hiru ordu goizez, astelehenetik ostiralera, Udalak izendatutako aretoan.

-Talde bakoitza 6-12 kide artekoa.

-Hezitzaile-dinamizatzaile bat egongo da.

-"Erabiltzaileek ekintza zein ariketa ezberdinak egingo dituzte beren gaitasunen arabera. Gainera, aipatutako pertsonak beren ohiko bizitokian egon ahal izatea ahalbidetu eta beren sozializazioa bermatzen saiatuko da, izan daitezkeen isolamendu egoerak leunduz".

Hurrengo urratsak

Irailaren 26ko osoko bilkuran Eguneko Arreta Zerbitzuaren araudia hasieraz onartu ostean:

-Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, erreklamazioak aurkezteko 30 eguneko epea egongo da. Erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betiko onartutzat joko da.

-Udalak asteazken honetan (irailak 27) 18:00etan Artzabalen aurkeztuko die zerbitzua, erabiltzaile izan daitezkeenei eta haien senideei.

-Hurrengo asteotan erabiltzaile potentzialak identifikatu asmo ditu Udalak.

-Eguneko Arreta Zerbitzua azaroan abiatu asmo du Udalak.