Zenbait hirigintza neurri hartu ditu udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 27a, 08:35

Hirigintza gaiei lotutako bi erabaki hartu zituen udalbatzak astearte arratsaldean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioei lotutako bi neurriez ari gara. Batetik Zumarte Musika Eskolaren eraikina kokatua dagoen Rezustaenea eremuari lotuta, uztailaren 26ko osoko bilkuran udalbatzak hasieraz onartutako erabaki bat bertan behera utzi zuten, Rezustaeneako Sistema Orokorraren Antolamendu Xehatuaren aldaketa hain zuzen.

Aldaketa berri bat txertatzeko indargabetu zuen atzoko osoko bilkuran, uztaileko plenoan hartutako erabakia. Berritu eta handitu asmo duten Musika Eskolaren eraikinak aurreikusitakoa baino altuera handiagoa izateko aldaketa txertatzea proposatzen zuen udal gobernu taldeak. Udalbatzak aho batez onartu zuen Rezustaenea Sistema Orokorraren Antolamendu Zehatuaren aldaketa hasieraz onartzea. Erabakiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta ohiko egunkarietan argitaratuta, 20 laneguneko epean jendaurrean jarriko du Udalak onartu berri duen aldaketa, "interesatuek proiektua aztertu, eta hala badagokio, bidezko alegazioak aurkeztu ditzaten".

Testu Bategina

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako Berrikuspenaren Testu Bateginaren 02 Aldaketa Puntualaren dokumentu osatua ere onartu zuen udalbatzak atzoko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ-ko udal ordezkariak abstenitu ziren.

Udal gobernu taldetik osoko bilkuran aipatzen zutenez, xedapen batzuk hobeto jasotzea zen helburua. "Egokitzapenak ez dira esanguratsuak", alkateak zioenez, baina era berean komenigarria zela aldaketok egitea. Dokumentu horretan, aldaketok txertatu ditu Udalak:

-Aginagako erriberan Eizazpi eta Oriagain tarteko bidea sistema orokor izendatzea.

-SGI-1 Zubietako HUO sistema orokor berria izendatzea.

-Indarrean diren Hirigintza Arauen 53. eta 54. artikuluen egokitzapena.

Hilobien esleipena

Atzoko osoko bilkura berean, hilerri berriko 9. hilobi lotearen gaineko eskubideak esleitu zituen udalbatzak. Erabakia aho batez onartu zuten.