Aginagako ur zikinak kolektorera bideratzea eskatu dio Udalak Añarberi

Noaua Aldizkaria 2017ko ira. 27a, 14:57

Usurbilgo Udaleko ordezkari Xabier Arregi alkateak eta Jone Urdanpilleta zinegotziek Añarbeko Uren Mankomunitateko ordezkari Josean Ercilla zuzendari berriarekin eta Enrique Noain zuzendari ohiarekin astearte honetan bertan eginiko bileran egin zion aipatu eskaera Udalak Añarberi. 

Aginagako ur zikinak kolektorera bidearatzeko eskaera ez da gaurkoa. Bai ordea lehentasunezkoa Udaletik gogorarazten dutenez. Horixe helarazi zioten udal ordezkariek astearteko bileran, Añarbe Uren Mankomunitateko kideei; eskaera honi lehenbailehen erantzun diezaiotela.

"Hitzarmen batean jasota dago obra hori bi erakunderen artean ordainduko dutela: Uraren Euskal Agentziak % 75 eta Añarbe Mankomunitateak % 25. Añarbe prest agertu da berari dagokion partea jartzeko. Hala ere, zailtasunak ikusten ditu epe motzean Uraren Euskal Agentziak proiektuari aurre egin diezaion. Udalak jarraituko du presioa egiten; Añarbek egitasmoa lantzen segitzeko konpromisoa hartu du", ohar bidez Usurbilgo Udalak jakitera eman duenez.

https://youtu.be/7NWj-eKlZgs

2016tik ur zikin gehienak Loiolako araztegira

Gaur egun ia ur zikin guztiak Loiolako araztegira bideratzen dituen kolektorera doaz. Orain gutxira arte, errioan amaitzen zuten. Azken urteotan eginiko obrei esker ordea, ur zikinak neurri handi batean Oriatik Loiolako araztegira desbideratu dira.  

2016ko urte hasieran eman zen aldaketa nabarmenena. Udalerri honetako ur zikin gehienak Loiolako araztegira garraiatzeko kolektorea martxan jarri zuten, urte luzeetako obrak amaitu ostean. Usurbilgo ur zikinak Oriatik desbideratzeko hiru ponpaleku jarri ziren; lehenengoa Osinalde industriagunean, bigarrena Atallu industriagunean eta hirugarrena, Zubietan. Ur zikinen saneamendu sare horretatik kanpo geratu ziren ordea, Txokoalde-Aginaga inguruak, baita Zubietako zenbait zonalde ere. 

Pasa den udaberrian Aliri zubiaren ondoan; hondakin-uren ponpatze estazio berria inauguratu zuten. Ordutik Zubietako ur zikin guztiak ere Loiolako araztegira bideratzen dituzte. Orain Aginaga inguruko ur zikinentzako saneamendu sarea martxan jartzea geratzen da.