Hiru egun baino ez Kataluniako erreferenduma ospatzeko. Gehitzen doaz eguna gerturatu ahala deitu diren mobilizazioak. Hitzordu bikoitza ostegun honetarako, irailak 28. Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) mobilizazioak deitu dituzte hiriburuetan. Donostiakoa 11:00etan Alderdi Ederren.
Ernai gazte erakundeak manifestazioak antolatu ditu. Zenbait ohar plazaratu ditu hitzorduoi begira. Batetik ez dutela bat egiten Sindicato de Estudiantes-ek gaurko deitutako greba deialdiarekin eta mobilizazio hauek ez dituela Ikasle Sindikatuarekin batera antolatzen. Dei egiten dio "euskal gazteriari heziguneetako paroetan eta antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko". Eta azkenik, "mobilizazio eta dinamikaren logikarekin errespetuz jokatzen duen oro ongi etorria izango da", ohartarazi dute gazte erakundetik.
"Baimenik ez! aske izateko. Euskal Herriak independentzia" hilabete hasieratik abian duen dinamikaren baitan Ernaik hiriburuetan deitu dituen manifestazioan ordu aldaketa bat ere bada; Donostiakoa 12:00etarako iragarria bazegoen ere, 12:30etan abiatuko da Bulebarretik.
Usurbilgo gazteen atxikimendua
Ondoko argazkian, esteladak, ikurriñak eta kartelak eskuetan dituzten Usurbilgo gazteok ere bat egin dute gaurko Ernaik deituak dituen mobilizazioaekin. Kataluniaren antzera, Euskal Herri askea izateko baimenik ez dela eskatu behar aldarrikatu dute, bi herrion independentziaren alde agertzearekin batera. Katalunia eta Euskal Herri askeak nahi dituztela adierazteko kalera irtengo dira ostegun honetan, irailaren 28an.
"Ernaiko militanteok herri honen askatasunaren historia idazteko gure konpromisoa berresten dugu eta bide horretan gure ekarpena egiteko dinamika abiatzera goaz. Irailaren 28an kalera irteteko eguna jarri dugu gazteok. Baimenik eskatu gabe aske izan nahi dugula aldarrikatzeko eguna. Ez dugu baimenik eskatuko historia idazteko, ez dugu baimenik eskatuko oraina eraikitzeko, ez dugu baimenik eskatuko libre bizitzeko. Bizitzea hori baita: posizionatzea. Atzo CUPek adierazi bezala: ara comença el mambo! Dei egiten diogu Euskal Herriko gazteriari irailaren 28an kalera irten eta Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna aldarrikatzera. Baimenik ez, aske izateko. Euskal Herriak independentzia!".
Datozen deialdiak
-Irailak 28, osteguna:
11:00 Gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzea Donostiako Alderdi Ederren.
12:30 Ernaik deitutako manifestazioa Donostiako Bulebarretik.
-Irailak 30, larunbata: Gure Esku Dago mugimenduak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin deitutako manifestazioa Bilbon (17:30etan Kasillatik). Autobus zerbitzua Usurbildik, 15:30etan Oiardo Kiroldegitik abiatuta. Izen ematea irailaren 29ra arte: Aitzagan,
https://youtu.be/T_CLclryz_c