Ostegun goiz honetan 11:30etan, Donostiako Bretxa azokan, baserritarren postuen artean aurkeztuko dute Jakoba Errekondoren argitalpen berria; "Landareak Lantzezn" 2018ko agenda-liburua. Usurbildarrak alboan izango ditu Itxaro Borda idazlea eta Antton Olariaga ilustratzailea. "Trikitia, pintxoak, eta ongi bizi nahi dugun jendea, baratzean ari edo ez baratzea maite dugunak. Zatoz bizitza ospatzera!" gonbidatu dute proiektu honen sustatzaileek.
"Landareak Lantzen" gida-liburuak landareak zaintzeko garai bakoitzean egin beharrekoa jasotzen du, Antton Olariagaren irudiekin. Argia-Jendeak sustatutako Bizi Baratzea proiektuaren baitako argitalpen berria dugu honakoa. Proiektua babestu dutenen artean daude, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba eta Usurbilgo Udala, Astigarraga, Beasain, Bera eta Lezoko Udalekin batera. NNPEK, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, EHKOlektiboak, ENEEK ere babestu dute proiektua. Xehetasun gehiago, aipatu moduan, gaur goizeko 11:30etan Donostiako Bretxan.