Haiengandik ehunka kilometroetara gaude, baina gertu sentitzen ditugu. Hurbileko jarraipena egiten ari da Euskal Herria, Katalunian gertatzen ari denaz. Lagun arteko elkarrizketetan nabari da, sare sozialetan... eta baita kalean ere. Hitz egiteaz gain, babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi zaie katalanei. Bide ezberdinetatik; mobilizatuz, edota ondoko irudiotan ikus ditzakezuen bezala, elkartasun hori kalean ikusgarri eginez. Azken egunotan, Usurbilgo kaleak ere Kataluniaz jantzi zaizkigu. Esteladak nonahi ikus ditzakezue; etxeko balkoietan, taberna atarietan, horma edo zutabeen artean zintzilik, zuhaizpeetan, udaletxe atarian... Zenbait tokitan estelada artean, botopaperak jasotzen diren gutunazalak ere zintzilikatu dituzte.
Gure Esku Dago mugimenduak larunbaterako Bilbon (17:30etan Kasillatik), Kataluniako erreferenduma babesteko deitu duen manifestaziora joateko gonbita luzatuz pankarta eta kartel ugari daude txoko desberdinetan.
Bestalde, Elizako horman ere pintaketa bat ikusi dugu. Honatx orain arte azaldutakoa, irudiotan: