Gure Esku Dago Usurbiletik ere bat egin dute, erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak larunbaterako, irailak 30, Bilbon deitu duen manifestazioarekin. "Demokrazia. Erabakitzeko askatasuna" aldarripean, larunbat arratsaldeko 17:30etan Kasillatik abiatu, hiriburu erdiguneko kaleak zeharkatu eta udaletxe aurrean amaituko da mobilizazioa.
Manifestaziora joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dagok. Larunbat arratsaldeko 15:30etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi paretik. Irailaren 29ra arteko epea dago izen emateko, Patri, Aitzaga, Artzabal, Zubietako Alamandegin, Aginaga eta Santueneko zahar egoitzetan.
"Katalunia eta demokraziaren defentsan, larunbatean denok Bilbora! Ezin ditugu bakarrik utzi! Mugitu eta eman izena autobusean", deitu dituzte herritarrak Gure Esku Dago Usurbiletik. Errepresioaren aurrean, larunbatean Bilbora elkartasuna adieraztera joatera deitzen dute.
"Elkartasunaren unea da", gogorarazten zuten larunbateko manifestazioa aurkezteko Gure Esku Dago mugimenduak asteartean Bilboko Euskalduna Jauregian egindako agerraldian. Mobilizazioarekin bat egin dute EHBildu, EAJ, Podemos Ahal Dugu, ANC-EH eta Independentistak. ELA eta LAB sindikatuek baita. Eguna gerturatu ahala atxikimenduen kopurua gorantz doa.
Igandera begira, urriaren 1era bestalde, Kataluniara joan asmo duzuenontzako kontuan izateko zenbait ohar plazaratu ditu Gure Esku Dago mugimenduak. Segidan dituzue.
GURE ESKU DAGOREN ADIERAZPENA
Kataluniako gizartea bizitzen ari den egoera guztiz larria da. De facto salbuespen egoera ezarri dute Espainiako Gobernuak eta estamentu judizialek. Kataluniako autonomia kolokan dago Espainiako Gobernuak Generalitaten kontuak eta Mossoen kontrola bereganatzeko agindua eman ondoren. Horrez gain, eskubide zibil eta politikoak eta askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Une hauetan demokrazia bera jokoan dago Katalunian.
Kataluniako herritarren gehiengoak erreferendum baten bidez etorkizuna erabakitzeko borondatearen zilegitasuna aitortu eta begirunea adierazten dugu. Erabakitzeko eskubidearen alde gaude, printzipio demokratiko gisa, bizitza politikoaren eremu ezberdinetan erabil daitekeena, baita komunitate politiko baten estatus politikoa edo eredu sozio-ekonomikoa erabakitzeko ere.
Urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako gizartearen gehiengoaren borondateari erantzuten dio. Bozkatu eta erabakitzeko borondate hori errespetatzea exijitzen dugu.
Kataluniako herritarren borondatearen adierazpena oztopatu eta elkartasun ekimenak zapuztu nahi dituzten zigor-bideak arbuiatzen ditugu, baita oinarrizko eskubideen eta askatasun demokratikoen murrizketak ere. Auzi politiko bati errepresioarekin erantzun dio Espainiako Gobernuak. Bide horren aurrean, elkarrizketa politikoaren beharra aldarrikatzen dugu, urriaren 1era arte zein ondoren.
Elkartasunaren unea ere bada. Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari bide emateagatik auzi bidean dauden, atxilotuak izan diren, jazarpenik edo mehatxurik jaso duten hautetsi, kargu publiko, entitate eta herritarrei elkartasuna adierazteko unea da. Euskal Herriko eta Kataluniako herrien arteko harremanak eta loturak estuak izan dira historian. Une honetan, herri katalanaren ondoan egotea beharrezkoa da, begirunez, hau da, herri bakoitzaren hautu, erabaki eta bideekiko errespetutik.
Katalunian gertatzen ari dena, Kataluniaren muga geografikotik harago doa. Estatuko herritar guztien eskubide zibil eta politikoak daude jokoan. Halaber, euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea ere jokoan dago. Horregatik, gu ere Som Catalunya, gu ere Katalunia gara. Elkartasunagatik, eta gure etorkizun demokratikoa jokoan dagoelako.
Horregatik guztiagatik, eta, bereziki, erabakitzeko eskubidea etorkizuna eraikitzeko zutabea delako eta, aparteko une honetan, askatasun demokratikoen defentsak herritar guztion konpromisoa behar duelako, gizarte osoa dei egiten du Gure Esku Dagok datorren larunbatean, irailak 30, kalera irten eta Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzera, Demokrazia | Erabakitzeko askatasuna lelopean.
Manifestazio honek gaurko agerraldira bertaratu diren eragileen atxikimendua du, eta datozen orduetan eragile gehiagoren atxikimendua ere izatea espero dugu.
Manifestazioa Casilla plazatik abiatuko da 17:30etan eta Udaletxerainoko ibilbidea egingo du.
Prentsaurrekoan parte hartu duten eragileetako ordezkariak: Itxaso Atutxa eta Joseba Aurrekoetxea (EAJ), Maddalen Iriarte eta Jasone Agirre (EH Bildu), Begotxu Olaizola eta Sílvia Formentí (ANC EH) eta Txutxi Ariznabarreta eta Kristina Rodriguez (Independentistak).
https://youtu.be/me-z_m94iVs