Udalbiltzako 100 hautetsi, ikuskatzaile Kataluniako gaurko erreferendumean

Noaua Aldizkaria 2017ko urr. 1a, 08:57

Udalbiltzako 100 hautetsi gaurko Kataluniako erreferendumean daude, beste hainbat herritaldeetako kideekin batera nazioarteko gonbidatu gisa. Kataluniarrek normaltasunez bozka dezaketela ikuskatzera joanak dira Kataluniara. Hala iragarri zuten aste hasieran, iruditan dituzuen Udalbiltzako hautetsiek, Eudald Calvo Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko (AMI) lehendakariordearekin batera Donostiako Miramar jauregi atarian egin zuten agerraldian. Tartean ziren Usurbilgo Udaleko EHBilduko zenbait ordezkari ere. Ordezkariotako bat, Alaitz Aizpurua zinegotzia, egungo Udalbiltzako lehendakari ordea ere Katalunian da gaur.

Estelada eta ikurriñekin Katalunia eta katalanei babesa adierazi zieten. Baina Udalbiltzak elkartasun aktiboa helarazi nahi dio Kataluniako herriari.  Horregatik, iragarri zutenez, "AMI-ren eskutik, nazioarteko bisitatzaile gisa 100 hautetsi joango gara bozketa eguna ikuskatzera, katalanek bozkatzeko duten eskubidea babestera, behar izanez gero egin beharreko salaketa egiteko. Gertatzen den guztiaren lekuko izango gara, horretarako nazioarteko beste ordezkaritzekin batera euskal hautetsiak Kataluniako lurralde ezberdinetara joango gara hauteslekuak irekitzen diren unetik bertatik bertara ikustera kataluniarrek normaltasunez bozkatu dezaketela”.

"Lotsagarria, iraingarria eta onartezina"

Babesa erakutsi zioten Kataluniari, zentzurik zabalenean. “Babesa erakutsi nahi diegu bat egiten dugulako euren borondatearekin, bat egiten dugulako XXI. mendean herri librea izateko katalanek duten nahiarekin. Elkartasun keinu bat da gure gaurko ekitaldia: Euskal Herritik, Euskal Herriko txoko eta herrietatik Katalunia osoari, herritarrei, eragileei, Parlament-eko kideei, Govern-eko langile eta buruzagiei, eta batez ere, Kataluniako alkate eta hautetsi guztiei gure elkartasuna erakutsi nahi dizuegu maitasun osoz. Eta elkartasunak berarekin batera jarrera, jokabideak eta ekinbideak ekarri behar dituelakoan gaude”, adierazi dute Udalbiltzako hautetsiek.

Espainiako Gobernua Katalunia egiten ari dena onartezina dela salatu zuten. “Ozen esaten dugu Katalunian Espainiako gobernua egiten ari dena lotsagarria eta iraingarria izateaz gain, onartezina dela. Udalbiltzak dio onartezina dela herritarrek aukeratutako Parlament baten erabakiak epaile espainiar batzuen menpe geratzea, onartezina da gobernu baten erabakiei jaramonik egin ez eta bere eskuduntzak indargabetzea. Onartezina da herritarrak beldurtzeko milaka eta milaka polizia Katalunia konkistatzera bidaltzea. Onartezina da herritarrek euren borondatea azaltzeko erreferendum bat antolatzeagatik espetxera zigortzera. Eta Euskal Herrian ongi baino hobeto dakigu Espainiako demokraziaren maila zein nolakoa den, Turkiakoaren pare, eskuzabal izanda”, diote Udalbiltzatik.