Berpiztera doaz Bota Punttuba, udalerri honetan lehendik ere ibilbide luzea jorratua duen bertso-eskola. Eskaintza zabalagoarekin; heldu nahiz gaztetxoei zuzenduriko ikastaroekin. Eskualdera begirako egitasmoa izango da gainera, bailarako beste bertso-eskolekiko elkarlan eta hartuemana sustatuko duena. Bota Punttubako ateak irekitzear dituzten sustatzaileekin bildu da NOAUA!.
NOAUA! Nondik dator bertso-eskola berpizteko asmoa?
Eli Pagola. Xabier Amurizak 80-90 hamarkadan emandako ikastaroaren ondotik, herrietan bertso-eskolak sortzen joan ziren. Herriz herriko lanketak ordea emaitza desberdinak izan ditu. Ikastaro haren oihartzuna itzaltzen zihoala ikusten genuen eta bertsolaritzak behar zuela bultzadatxoa eskualde mailan. Hernani, Andoain eta Lasarteko bertso-eskolekin ikusten genuen ezin zela herri bakoitzean halako eskola sendo bat sortu. Beste eskualde batzuetan egiten duten moduan, eskualdeko egitura bat sortu zitekeela. Txapelketa urte hau, proiektuari lehen bultzadatxoa emateko egokia izan zitekeela ikusten genuen, herriz herri bertso eskolak pizten hastekoa, herriko jendea animatu eta dagoen errealitatea, beharrak ikusteko. Pausoka joan behar dugu. Jurgi izan dugu Usurbilen bertso eskola osatzeko lanean.
Eskualde mailako egitura horrek beraz, bertso-eskolak bildu eta elkarlana sustatzea luke xede nagusi.
E. P. Urteetan ikusi da, herri bakoitzak bere bertso-eskola izan eta herriko gauza guztietaz arduratzea borondatezko lan handia dela. Elkarren artean asko lagundu gaitezke gainera. Ez da hutsetik sortzen den egitasmoa. Antzeko esperientziak martxan dituzten Goierrin, Arituz Tolosaldean, Erniarraitz…
Usurbila itzulita, bertso-eskola abiatzeko uda aurretik hasi zineten lehen urratsak ematen.
Jurgi Fuentes: Aurreko urteetako jaietako Bertsopaper Lehiaketa antolatu genuen. Aurtengoan gaztetxoei zuzendutakoa ere bai. Urteetan hain bertsozalea izan eta bertso-eskola historikoa izan duen herria, ikastolako LH 5-6 mailetan hezkuntza arautuan ematen den asteroko klase batera mugatu da. Herri mailan ikusten dugu garrantzitsua dela horri segida ematea bertsotan sakondu nahi izan edo bertsoak beste era batera bizi nahi duenarentzat. Planteamendu horrekin hasiko gara orain.
Helduen taldeari begira, lehen aritutakoak gonbidatuko ditugu, orain hasteko gogoz daudenak. Ia denon artean taldea sortzen den.
Bertso-eskolaren onena, “lagun artea”
NOAUA! Bertso eskola, lanketa gune bat izatea nahi duzue?
Eli Pagola. Bertso eskolan lekua du hizkuntzarekin jolasteko interesa duen edonork. Ikusten dugu gure kultur adierazpide nagusi bat dela eta horretan jendea zailtzea, ulertzea behintzat, hortara doa bertso eskola bat.
Eskolako dinamizatzailea izango zara Eli. Hernaniko bertso eskola ondo ezagutzen duzu. Zein izango da zure egitekoa?
E. P. Hernanikoa historikoki bertso eskola sendoa izan da, baina han ere ez da alferrik egin behar lana eta horretan gabiltza. 9 urte ingururekin edo hasiko nintzen bertan, 15 bat urterekin edo gaztetxoei klaseak ematen. Orain arte umeekin egin izan dut lan, beraiei interesa pizten, bertsoa nola den deskubriarazten, jolas modura eta ariketekin. Helduekin lan gehiago da kantatzera ausartzeko orduan, ideiak nola ordenatu, lan intelektualago bat edo izan daiteke. Halere, biek dute lekua bi lekutan. Moldatu behar dena da zuzentzen ari zaren edo 10-15 urteko gazte bati edo helduago bati, hori da alde bakarra. Nondik jo ez dakizunean dagoen estankatzeko arrisku horri begira, hor dago dinamizatzaile baten lan garrantzitsuena.
Zer nolako eskaintza prestatu duzue?
Jurgi Fuentes: Usurbilgoa hiru fronteetatik lantzea pentsatzen dugu. Bat 7-9 urte artekoentzat, batez ere haurrei euskarako aisialdira gerturapen bat errazteko, agian modu ludikoagoan jolas edo kantuetara bideratua. Bigarrena 9 urtetik gorako LH-DBHko ikasleentzat, ikastolatik kanpo Potxoenean egiteko asmoa dugu. Hor jada bai bertsogintza gehiago landuko da, edo bat bateko lehenengo pausoak emateko aukera egon daiteke. Eta hirugarrena helduen taldea izango litzateke. Bertsotan egiteaz gain, herriko bertsolaritza bultzatzeko oso egokiak izaten dira, herrian ekitaldiak antolatzeko... Partaideen artean etorri daiteke edonor bat batean ez dena ausartzen, idatziz egin nahi izan edo entzule moduan gairen bat jartzea gustatzen zaiona. Horrek ere ateak irekita izango ditu.
Bertso-eskolak, lagun arteak ere izan ohi dira?
E.P. Bertso eskolak duen hoberena hori da, lagun artea. Ez dugu hainbesteko aukera belaunaldi ezberdinetakoak elkartzeko, lanetik kanpoko ekintzaren batean. Bertsolaritzak hori ere eskaintzen du.
Bertsolari Txapelketa Nagusia abiatu den honetan, halako proiektu bat abiatzea errazagoa da? Errazagoa bertso zaleak erakartzea?
E.P. Lagungarria bai, batez ere leiho oso zabal bat delako txapelketa. Bertsolaritzan murgiltzeko har hori sortzen da. Nabarmena da, bizpahiru hilabeteetan mundu guztia da bertsozalea bat batean, denok ulertzen dugu bertsoetaz.
J. F. Igartzen da. Bertso eskoletara etortzen ez bada, bertso saioetan, herrietako ekitaldietara jende asko etortzen da.
Bertsolaritzako beste figura askoren heziketa gune ere bada, askotan aipatzen ez direnak?
J. F. Azken urtetoan geroz eta gehiago aipatzen da. Gai jartzaileak, epaileak, antolakuntzara dedikatzen direnak, entzule moduan... Entzulea ere geroz eta ikasiagoa da, geroz eta kritikoagoak eta hori ere ona da. Bertsolaritzari laguntzen dio.
E.P. Bertso eskolak betetzen duen funtzioa da bai da batetik bertsotan ikastea, baina hor ere, bertsolaritzak bizi ahal izateko, ekosistema hori osatzeko egon behar dute gai jartzaileak, epaileak, sariak antolatuko dituztenak, zaleak...
“Irakasle bila ari ginen”
NOAUA! Gurasook ere bertso-eskola osatzeko asmotan zaudete, ezta?
Josu Diaz de Otalora: Gure haurrentzako bertso eskola bat martxan jartzeko asmoa genuen guraso talde batek. Euskara era ludiko batean lantzea zen asmoa. Gu bertsozaleak izanda zaletasun hau helarazi eta ikastolatik kanpo ere euskaraz ondo pasa eta lotsa kentzeko aukera paregabea ikusten genuen. Irakasle bila ari ginen. Kasualitatez, bertso-eskola berpizten ari zirela jakin genuen. Jurgirekin hartuemanetan jarri ginen, gure planteamendua azaldu genion. Urritik aurrera hasiko gara. Laster bilera deituko dugu interesa duenak azaltzeko eta hor ikusiko dugu zer eskaera dagoen. Taldea osatuko delakoan gaude.
Ikasturte hasiera: Urriaren 3an.
Haur eta gaztetxoak:
# 7-9 urte arteko haurrentzako saioak: asmoa, astean behin 13:30-14:30 artean. Lekua zehazteke.
# 9 urtetik gorako gaztetxoentzako saioak: asteartero 18:00-19:00 artean Potxoenean.
Helduak:
# Asteartero 19:00-20:00 artean Potxoenean.
Izena eman edo informazio gehiagorako:
botapunttubabertsoeskola@gmail.com